Txakurren gorotzak batu daitezen kartelak jartzen hasi dira herriko berdeguneetan

2015/03/31
Txakur jabeek arduratsu jokatu dezaten abiatu du ekimena Udalak

Maite ditugu txakurrak, ez haien gorotzak, nire txakurrak senagatik egiten badu, nik edukazioz jasotzen dut, kakarik ez, jaso bere gorotzak edota ez zaizu zerbait jasotzea ahazten? moduko kartelak dira gaurdanik herriko berdeguneetan ikusi daitezkeenak.

  Kaleetan eta lorategietan txakur gorotzak topatzea ez da arraroa. Ohikoa izanagatik ordea ez da zuzena. Udalak, txakur kakak jasotzeko plastikoak doan banatzen ditu. Orain, urrats berria eman du eta txakur jabeei beren animalien gorotzak jasotzeko duten erantzukizuna gogorarazi nahi die. Oinarrizko mezu garbiak dituzten kartelak jartzen hasi dira txakurrak paseatzera eraman ohi diren berdegune eta lorategietan. Laster, gorozkiak ikusgarri egingo dira, alboan, adi ibiltzeko gomendatzen duten banderatxo gorriak jarriz. Neurriak helburu bikoitza du: halakoak zapaldu ez ditzagun ikusaraztea batetik eta halako zenbat uzten diren salatzea bestetik.

  Etxe abereen udal ordenantzan, gorozkiak ez jasotzeagatik 300 euroko isunak jartzea aurre ikusten da baina zigorrak jartzen hasi aurretik, txakur jabeen kontzientziara jo nahi izan da. 

  Era berean, Udalak txakur gorotzen poltsak uzteko errefuxarako zakarrontzi berriak jarriko ditu, bereziki animaliarekin paseoan ibiltzen diren inguruetan. 

 

Iturria: Oñati Irratia

Bidaurretako berdegunean jarri den kartela