Turismo arloko Ekintza Plana egingo du Beinke enpresak

2021/02/09
Diagnosi fasea zehaztuta, Oñatiko turismoaren Plan Estrategikoa osatuko da horrela

  Lehen faseari zegokion diagnosikoa ere Beinke Turismo Aholkularitza enpresak zuzendu zuen eta ondo ezagutzen du herriko turismo sektorearen beharrak, ahuleziak, indarguneak eta erronkak. Ez da alperrik Beinke enpresaren buru Lourdes Romano oñatiarra, 80ko hamarkada amaieran herriko lehen turismo teknikaria izan zena. Sektorearen ezagutza zabala du eta eskarmentu handia ere bai, besteak beste, Urola-Kosta, Añana, Arabako mendialdea nahiz Gasteizko turismo plan estrategikoak egin baititu eta Urdaibai eskualdean, Turismo Jasangarriaren Europako Karta deritzona, lehena Euskadi mailan.

  Oñatiko turismoaren gaur egungo egoeraren azterketaren emaitza urrian aurkeztu zen. Plan estrategikoaren lehen fasean, diagnostiko fasean, sektoreko profesionalekin zuzeneko harremana izan zen; pandemiak utzi zuen neurrian, aurrez aurreko edo online bilerak egin ziren, turismoaren egoeraren argazki orokorra atera ahal izateko. Bost alor konkretu jorratu ziren: kudeaketa; turismo lekua, hau da, udalerria; eskaintza; marketina eta leihakortasuna. Alor bakoitzean herriko indarguneak, ahuleziak eta erronkak identifikatu ziren eta horiek garatzeko Ekintza Plana osatuko da orain. Ekintza planean, epe motz, ertain eta luzerako helburuen araberako ekintza edo estrategia konkretuak zehaztuko dira.

  Oñatiko turismoaren ekintza plana osatzeko hiru enpresen eskaintzak eskatu zituen udalak eta jasotako biren artean Beinke enpresarena lehenetsi da. Lana, BEZ kanpo, 13.700 eurotan egingo du eta udaberri amaiera-uda hasierarako amaitzea espero da.

Iturria: Oñati Irratia