Titulatu berrien beka programa, Olaburun egin diren azken mantetze lanak edota laster martxan jarriko den erakusleiho lehiaketa hizpide gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2015/11/12

  41gaiko lan zerrenda prestatu da gaur arratsaldeko bilerarako eta sozioekonomia arlokoak azpimarratuko genituzke. Aurten, Udalak martxan jarri duen titulatu berrien beka programak orain arte eman duena azalduko da. Programa honek helburu bikoitza du, batetik titulatu berriei praktikak egiten lan esperientzia hartzeko aukera ematea eta bestetik, herriko enpresei, proiektu konkretuak garatzeko aukera ematea. Enpresak eta titulatu berriak elkarrekin harremanetan jartzeko titulatuen lan poltsa ireki zuen Udalak. Lan poltsa honetan azken ikasketak amaiturik bi urte baino gutxiago dituztenek parte hartu dezakete eta eskaini berriz, 3-6 hilabete artean luzatu daitekeen proiektu batean parte hartzeko aukera eskaintzen zaie, egunean 6 orduko jarduna beteaz eta 600 € hilabeteko beka jasoaz. Enpresak, era berean, garatu asmo dituzten proiektu konkretuak aurkeztu behar dituzte.
Programa honetan izena emateko epea azaroaren 30an amaitzen da baina orain arte eman duenaren berri, gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean emango da.

  Urrian, Zubillagako Olaburu zentroan egin diren mantenu lanak ere azalduko dira arratsaldeko bileran, eta azken xehetasunak lotuta, Oñatiko VIII. erakusleiho lehiaketarako deialdia egitea ere proposatuko da.

  Kiroletan, Zubikoa kiroldegiko fit bike gelarako bizikletak erosteko proposamena edota, Haurrak eta Gazteria arloari dagokionean, Gaztelekuan abendurako zehaztu duten programazioaren azalpena egingo da, besteak beste, Udal Gobernu Taldearen asteroko bileran.

  Aurreko batzar batean mahai gainean utzi zen gaia berriro eskuartean hartuz bestalde, AGITAXek, Gipuzkoako Taxilarien Elkarteak egindako eskaera aztertuko da arratsaldeko bileran.

Iturria: Oñati Irratia