Oñatiko udala

Sherpa Capital funtseko arduradunek arratsaldean gauzatuko dute notario aurrean, Cegasaren hiru negozio lerro erosteko operazioa.

2015/01/27
Oñatiko plantak aurrera egingo du.

  Horixe da Cegasatik jasotako azken berria: enpresa batzordeak eta konkurtso administrazioak eguerdian egin duten bileran akordioa lortu dute. Horren arabera, Oñatiko lantegiak aurrea egingo du egungo langileekin eta Gasteizko 65en bat langilek ere, bulego eta komertzial arloan lanean jarraituko dute. Hori da Sherpak bere hasierako eskaintzan jaso zuena eta epaileak onartu zuena baina azken asteetan zalantzan jarri dena.

  Izan ere, epaileak Sherpa Capital funtsaren eskaintza onartu ondoren, Sherpak baldintza berriak sartu nahi izan zituen. Konkurtso administratzaileak ez zizkion onartu eta proposamenari eusteko  ultimatuma eman zion. Atzo bertan betetzen zen jarritako epea. Egunak aurrera zihoazela eta erantzunik iristen ez zela ikusita Cegasako langileak oso urduri zeudela aitortu digu enpresa batzordeko ordezkari batek, baina eguerdiko bileran berri onak jaso eta akordioa arratsaldean ixtea espero zuela esan digu. Eta esan bezala, halaxe gertatu da. 12:30ean hastekoa zen batzarra 14:30ak arte atzeratu den arren, aurrera doa Sherpa arrisku kapital funtsak Cegasaren hiru lerroak erosteko operazioa.

  Hala, Cegasako 131 langile, tartean Oñatiko lantegikoak Sherparandako lanean hasiko dira.
Baina taldea osatzen zuren beste 300 langile pasa kalean geratuko dira. Enpresa batzordetik langile horiei eragingo dien kaleratze EREa lehenbailehen sartzen ahaleginduko dira, kaltea ahalik eta txikiena izan dadin.

  Hala, erosketa honen gaineko balorazio gazi gozoa egin dute langileen ordezkariek, Sherparena errentagarria zen negozio zatia bizirik mantentzeko aukera bakarra izan baita.

  Hemendik aurrera, azken urteetan Oñatiko plantaren organigrama, izen berria eta bestelako xehetasunak zehazten joango dira baina bertako langileentzat garrantzitsua dena, lanean jarraituko dutela.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!