Sherpa Capital, arrisku kapital fondoak, Energia Portatil planta erosteko eskaintza egin du.

2014/10/24
Card image cap
Epailearen oniritziaren zain, prozesu konkurtsala zuzentzen duten administrariek ontzat eman dute.

  Eskaintzak, Oñatiko planta osorik eta Gasteizko komertzializazio eta zerbitzu nagusien zati bat bere egitea aurre ikusten du, 130 lanpostu guztira.

  Sherpa Capital arrisku kapital fondoko ordezkariek egin duten erosketa proposamenenean, 130 lan kontratuen surrogazioa jasotzen du. Lantokiz-lantoki zehaztuta, Oñatiko plantilla osoak lanean jarraituko luke eta Gasteizko egoitza nagusian pertsonal hautaketa egingo litzateke.

  Sherpa Capital, egungo kontratuen ezaugarriak mantentzeko prest azaldu da, antzinatasuna eta beste xehetasun batzuk errespetatuz. Baina  eskaintzak, soldata handienak mugatzen ditu. Hala, urtean 40.000 eurotik gorako irabaziak dituzten langileek portzentaje ezberdineko soldata murrizpena izango lukete.

  Hori, oso azaletik esanda, Sherpa Capital fondoaren proposamenean jaso dena eta CEGASAko sindikatu-ordezkariek dakitena. Hemendik aurrera, xehetasunak zehazteko negoziazioak hasi beharko dira. Beti ere, Gasteizko Merkatal-epaitegiko buruak mahai gainean dagoen eskaintza ontzat ematen badu. Erabakia, ordu gutxiren buruan hartzea espero da. CEGASAko konkurtso prozesua zuzentzen duten administrariek jada argi berdea eman diote Sherpa Capital fondoaren erosketa-proposamenari.

  Energia Portatil enpresan oraindik ez dute gaiaren inguruko jakinarazpen ofizialik. Langileen ordezkariek, administrari eta zuzendaritzarekin egin zuten azken bileran, eskaintzaren berri izan zuten baina aparteko xehetasunik gabe. Gaur, egunkarietan irakurri dutenak osatu du aurrez administrariek emandako informazioa. Xehetasun guztiak ez ezagutu arren, Oñatiko lantokian gaur giro lasaiagoa zegoela esan digute. Hala ere,  epailearen erabakia iritsi bitartean, zuhurtziaz berba egin behar dela azpimarratzen dute.

  Egun hauetan, Gasteizko plantetako zenbait langile ari dira Oñatin lanean. Horrek, produkzioa, % 100nean ari dela esanahi du. Baina pasa den astean bertan, industrialen sekzioan lan murrizpena aplikatu zen, lan karga jaitsi egin baitzen. Sailean, EREa astebetez  egon zen indarrean.  

  Sindikatuetako ordezkariek ez dute zuzendaritza eta administrariekin elkartzeko bilera egunik zehaztuta, baina deia edozein momentutan iritsi daitekeela uste dute. Eskaintza mahai gainean zegoela jakinarazi zitzaienean, gaia lehenbailehen bideratu nahi zela ere esan baitzitzaien. Baina epaileak erabakia hartzearen zain daude guztiak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!