Oñatiko udala

San Martingo etxaldearen ur presio arazoa konpontzeko hartune berria egingo da Umerezgo depositutik

2014/03/20
Card image cap
Lanek, Murgia auzorako bidearen zati bat hilabetez ixtea eragingo dute.

  Martingo etxeen ur presio arazoa ez da berria, goialdeko eraikinek hasieratik izan zuten arazoa da.

  San Martingo plan nagusiak etxaldearen ur hornidura Umerezko depositutik egingo zela aurre ikusten zuen. Horretarako hoditeria berria sartuko zen ur biltegitik auzoraino. Hasierako egitasmoa hori bazen ere, auzuneko lehen etxe blokeak eraiki zirenean herriko ur hornidura sarera lotu ziren. Behealdeko etxe horietan ez zen ur presio arazorik antzeman eta ondorioz, Umerezko depositorako hoditeria sartu gabe etxebizitza berriak jaso ahala herriko ur hornidura sare nagusira lotzen joan ziren. Goialdeko etxebizitzetan ordea, ur presio arazoa sortu zen. Hasieratik jada, ura nahikoa indarrez iristen ez zela salatu zuten bizilagunek eta ondorioz, berogailuak eta martxan jartzeko zailtasunak zituztela. Konponbide moduan, eraikin bakoitzean ponpa-gailuak jarri ziren baina horiek ere ez ziren nahikoak izan.

  Auzotarrak sarritan zuzendu dira udaletxera eta eraikuntza enpresetara kexaka eta behin betiko konponbide eske eta orain, hasieran aurreikusita zegoen proiektua gauzatzea erabaki da. San Martingo etxalderako ur hornidura Umerezko depositutik egingo da eta horretarako, ur biltegitik auzorainoko hoditeria sartuko da. Lanak, apirila amaieran hastea aurre ikusten da eta lehen hilabetean, Murgiako auzotarrengan ere eragina izango du hodia sartu ahal izateko auzorako bidea itxi egingo baita. Itxi edo moztu, San Martindik Umerez baserrira doan bidea itxiko da. Auzotarrek beraz, Murgialdaitik bueltan ibili beharko dute. Dena den, hori ez da berehalakoan egingo, lanak, esan bezala, apirilaren 28an hastea aurre ikusten baita. 

  Umerezko ur depositotik San Martin etxalderainoko hoditeria eginda herriko sare nagusitik duten hornidura etengo da eta zuzenean Umerezkoa konektatuko da. Horrela auzuneak izan duen ur presio arazoa behin betikoz konpontzea espero da.

  Garrantzitsua da hornidura lan hauek lehenbailehen egitea San Martingo etxaldea osatzeko beste 132 etxebizitza berri eraikitzea aurre ikusten baita.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!