Oñatiko udala

San Martingo aisialdi ortuen esleipendunekin bilera egingo da etzi

2014/12/16
Card image cap
Egin beharreko formakuntza saioen berri eman eta erabiltzaileen elkartea sortzeko argibideak azalduko zaizkie.

  Iragarri bezala, atzo eguerdian egin zen San Martingo baratze parkeko lursailen zozketa. Eskaera egin eta onartu zitzaien 66 herritarrei, ortu bana izendatu zaie. Zerrenda eta ortuen kokapen nahiz neurrien inguruko xehetasunak ematen dituen planoa udaletxeko iragarki taulan eta www.oñati.eus atariaren, udala/iragarki taula atalean, ikusgai daude.

  Baina aisialdi ortuen inguruko udal araudian zehazten ziren baldintzak jakinarazi eta betetzeko ortu erabiltzaileekin bilera egingo da etzi arratsaldean, 6 eta erditan Kultur etxean.

  Baratze parkearen erabiltzaileek adibidez formazio ikastaro laburra egin beharko dute ekoizpen ekologikoaren oinarriak ezagutu eta kezka nagusiak argitzeko. Printzipioz bi saio egingo dira, teorikoa urtarrilean eta praktikoa, udaberriko landaketei begirakoa, apirila inguruan. Ortuen erabiltzaileak talde txikitan bilduko dira eta ordutegi ezberdinak proposatuko zaizkie bakoitzaren disponibilitatearen arabera aukeratu dezaten. Baina xehetasunak, esan bezala, etziko bileran emango dira.

  Bide batez, funtzionamenduren inguruko azalpenak ere emango dira. Ortuen erabiltzaileek elkarte bat osatu beharko dute baratze parkeari dagozkion gaiak eztabaidatu eta erabakitzeko. Elkartea eratzeko urratsak argituko dira etziko bileran.

  Baratze parkean, erabilera komuneko hainbat gune ere izango direla eta hauek nola erabiliko diren zehaztuko da. Gaiari lotuta esan, erabiltzaileek, 70 euroko errenta edo ordaindu beharko diotela udalari eta beste 70 euroko fidantza jarri beharko dutela ingurua eta baliabide komunak zainduko direnaren berme gisa. Baina horri buruzko informazio zehatza ere emango da ostegunean egingo den bileran.

  Gogoratu, arratsaldeko 6 eta erdietan hasiko dela Kultur Etxean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!