San Martin egoitza eta eguneko zentroko lan gatazka konponbidean dira.

2013/05/13
EULEN enpresak aurre-akordioa lortu du eta egoitzan normaltasunez ari dira lanean. Eguneko zentroko zerbitzu arduradunak akordioaren bide beretik jarraitzeko asmoa agertu dio alkateari.

  Mikel Biain alkatea arduratu baita zuzenean, langile eta enpresa ordezkariekin berba egiten, gaurtik aurrera deituta zegoen greba mugagabea gauzatu ez zedin. Eta helburua, erdizka bete dela esan genezake, San Martin egoitzan, lanean ari baitira baina ez eguneko zentroan. Hemen, langileak greban daude baina legez agindutako gutxieneko zerbitzuak betetzen.

  San Martin egoitzan, bi langile mota edo daude: egoitzak berak zuzenean kontratatuta dauzkanak eta EULEN enpresaren bitartez kontratatutakoak. Alkatea, egoitzako 7 langileekin elkarrizketatu zen ostegunean, eta udalaren aldetik akordiora heltzeko borondatea jakinarazi zien. Ez da ezer sinatu oraindik, egoitzako batzordea deitu eta bildu behar delako. Baina bi aldeak, akordiorako borondatea dutenez, ostegunean jada, grebarik ez egitea erabaki zuten egoitzak dituen langile propio horiek.

  Bitartean, gainontzeko langileen ardura duen EULEN enpresa ere aurre akordio batera iritsi zen ELA eta LAB sindikatuekin. Gaur bertan sinatzekoa zuten aurre-akordio hori. San Martin egoitzako lan gatazka beraz bideratuta dago.

  Eguneko zentroan diharduten langileak Aita Mennik kontratatutakoak dira. Alkatea, bertako gerentearekin berba egin du gaur goizean bertan eta hauek ere, udalak eta Eulenek hartu duten bideari jarraitzeko asmotan daudela jakinarazi dio. Horrek esanahi du, aurre-akordio lortzea ordutako kontua izan litekeela. Baina adostasunik ez dago oraindik, eta langileak esan bezala, greba egitea erabaki dute. Eguneko zentroan greban daude baina gutxieneko zerbitzuak betetzen. Eguneko zentroan ere, akordioa ahalik eta lasterren sinatzea espero du alkateak.

Iturria: Oñati irratia