Oñatiko udala

San Martin auzoa 6 zenbakian Babes Ofizialeko 6 etxebizitzen zozketa arautuko duen Baldintza Zerrenda aztergai izango da biharko Osoko Bilkuran.

2013/03/20
Hasieran, Udalaren esku uztekoak ziren etxebizitza hauen kostua dirutan jasotzea erabaki zen otsaileko plenoan.

  Eusko Jaurlaritzak Babes Ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa eman zien San Martin auzoko 6, 7 eta 8 zenbakidun blokeetan, Egaralur enpresa eraikitzen ari den 45 etxebizitzei. Horietatik 39 zozketatuta daude jada, baina printzipioz udalaren esku geratzekoak ziren 6 etxebizitza adjudikazio prozedura horretatik kanpo gelditu ziren.

  Pasa den hileko Osoko Bilkuran ordea, etxebizitza horiek hartu ordez, zegokien kostua dirutan hartzea erabaki zuen udalbatzak eta ondorioz, etxebizitzak zozketatzea erabaki zen.

  Enpresa sustatzaileak aipatutako 6 etxebizitzen zozketa Udalaren esku uzteko eskaintza egin zuen hile hasieran eta orain, zozketa hori nola egin arautu behar da.

  Zozketa arautuko duen baldintza zerrenda osatu du udal gobernu taldeak. San Martin auzoko gainontzeko Babes Ofizialeko etxebizitzen zozketa arautzeko erabili den bera da, aldaketa batzuekin, hau da, orain esleituko diren sei etxebizitzetara egokitua.

  Baldintza zerrenda pasa den asteko gobernu batzarrean onartu zen eta udalbatzari, biharko Osoko Bilkuran aurkeztuko zaio, hasiera bateko izaeraz onartu dezan. Tramite hori beteta, ondorengo prozedura ere zehaztu da: erabakiaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Udal Iragarki Taulan jarriko da jendaurrean, alegazioetarako hilabeteko epea irekiz. Alegazioren bat badago, hori edo horiek ebatzi ondoren, Udal Plenoak Baldintza Zerrenda behin betiko onartuko du, eta testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, zozketarako tramitazioa hasiz.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!