San Lorentzoko jolas parkea berritu egingo da

2019/02/22
Kautxuzko zorua aldatuko da eta pare bat elementu berri jarriko dira

  Herriko jolas parkeen azterketa egin zen iazko maiatzean eta gune bakoitzak beharko lituzkeen mantentze eta konponketa lanak zehaztu ziren. Azterketa orokor horretan San Lorentzo auzoko jolas parkeko zoruaren egoera txarra agerian geratu zen. Kautxuzko zorua oso zaharkituta dago eta hainbat lekutan zartadura zabalak ditu. Haur baten oina sartzeko edota helduek estropezu egiteko moduko zartadurak dira. Segurtasun aldetik beraz, arriskutsu dagoela ikusi zen eta konponketa lanak egiterakoan lehentasunezko lekua izan beharkolukeela ondorioztatu zen.

  Aurtengo aurrekontuetan herriko jolas parkeak konpontzeko diru partida bat berezitu zen eta horren kontura egingo dira San Lorentzoko haur parkea berritzeko lanak. Kautxuzko zorua guztiz berrituko da, zaharra kendu eta zoru berria botako da. Bide batez, haurren jolaserako elementu berriak ere jarriko dira. Egun egoera onean dauden egitura eta ziburuak mantenduko dira eta bi elementu berri jarriko dira: ohe elastikoa eta sokadun piramide bat.

  GARRA S.L. enpresa izan zen iaz herriko jolas parkeen azterketa eta mantentze lanak egin zituena eta berari eskatu zaio San Lorentzoko parkea berritu eta osatzeko aurrekontua. BEZik gabe 29.000 euroko proposamena egin du eta hala onartu du udalak. Aipagarria da aurrekontuaren bi heren, % 66a, kautxuzko zorua aldatzeko lanari dagokiola. Lanak, datozen asteetan hasiko dira, martxoan egitea aurreikusten dute behintzat udal arduradunek.

  San Lorentzoko jolas parkea egun herrian daudenetatik zaharrenetakoa da, eta tarteka konpondu bada ere, aspaldian ez da berritze integralik egin bertan.

Iturria: Oñati Irratia