Praktika juridiko okerren kalte-ordaina aztergai da Unibertsitate Zaharrean

2015/07/10
23 aditu bildu dituen mintegiaren koordinatzaileetako bat Angela Melville, Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko ohia da

  Zer egin kontratatu den abokatu edo lege zerbitzuak arduragabe jokatzen duenean? Zein bide jarraitu daiteke kalte ordaina jasotzeko, eta zein kalte ordain aukera daude? Galdera horiei erantzun asmoz nazioarteko 23 aditu Unibertsitate Zaharrean daude, gaiaz antolatu den mintegian parte hartzen. Bileraren koordinatzaileak Nerbert Kritzer, Minnesotako Unibertsitateko ikertzailea eta Angela Melville Flinders Unibertsitateko ikertzailea dira. Aipagarria da Melville, Oñatiko Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko izan zela 2011 eta 2012. urteen artean.

  Praktika juridiko okerren kalte ordainari buruzko mintegi honetan, zuzenbide arloko profesionalen praktika txarren aurrean, kontsumitzaileei -bezeroei- kalte ordaina eskaintzeko dauden mekanismo ezberdinak aztertuko dira. Era berean, abokatu eta lege zerbitzuak ematen dituztenen profesionalen lana zuzentzen duten arauak indartzeko proposamenak egingo dira.

  Kalitate eta konpetentzia irizpideak betetzen dituzten zerbitzu juridikorik izan ezean, zaila da, herritarrei justiziarekiko sarbide egokia eskaintzea. Herritarrek justiziarekiko aukera ireki hori izan dezaten, lege praktika okerra zer den garbi definitzen duen sistema izatea ezinbestekoa dela uste dute adituek. Hala, erreklamazioetarako bideak ere definitu ahal izango dira. Praktika juridiko okerraz berba egiteak ez du esanahi legez kontrako zerbait egin denik, arduragabekeriaz jokatu dela baizik. Gerta liteke, abokatu batek erreklamazioetarako legez zehazten diren epeak bete ez izana eta berandutu izana. Ondorioz, bezeroa kaltetua gertatuko da. Kasu horretan, praktika juridiko okerra leporatu dakioke profesionalari baina halakorik gertatzen denean nora bideratu, zein kontrol eta bitarteko dauden eztabaidatzen ari dira Lege Soziologia Institutuan. Mintegia, arratsaldean amaituko da.

Iturria: Oñati irratia

Angela Melville