Oñatiko udala

Plazako pilotalekua argiztatzeko lanak hasi dira jada

2017/05/04
Card image cap
Frontoiko harmailetan jasoko diren bi argi zutabetarako oinarriak prestatzen ari dira

  Pasa den astean hasi ziren zutabeen oinarriak gertatzen eta horretan dihardute oraindik. Plazako pilotalekua eta inguruak argiztatzeko proiektuaren baitan, argi foku batzuk frontoiko harmailetan jasoko diren bi zutabetan kokatuko dira eta beste batzuk ondoko eraikinetan. Guztira, pilotalekua eta ondoko jolasgunea argiztatzeko 14 proiektore eta beste bi luminaria klasiko jarriko dira.

  Frontoiko harmailatan sei metroko bi zutabe jasoko dira eta bakoitzean hiruna argi proiektore instalatuko dira. Zutabe horiek non jaso erabakitzeko katak egin ondoren, oinarriak prestatzeko lanak egiten ari dira. Pilotalekuko harmailetan jarriko diren foku horiezaz gain, ondoan dagoen azokako eraikinaren hegalean beste lau proiektore jarriko dira eta lau gehiago Gaztelekua eta ikastola dauden eraikinaren hegalpean. Eraikin berean beste bi luminaria klasiko ere jarriko dira proiektoreak baino beheraxeago. Lanok uda baino lehen amaitzea espero da.

  Udalak, INERGETIKA enpresari eskatu zion plaza ondoko pilotaleku eta jolaslekuaren argiztapena hobetzeko azterketa teknikoa egitea eta honek osatutako egitasmoa da gauzatzen ari dena. Kanpo Argiteriaren Eraginkortasun Energetikoaren Erregelamenduaren irizpideak beteaz egingo diren lanok 17.000 euroko aurrekontua dute. Horri batu behar zaio pilotalekuaren harmailetan bi zutabe jasotzeko egiten ari den obra zibilaren eta argi hartunerainoko kableatuaren kostua.

  Plazako pilotalekua eta inguruak argiztatzea herritar askoren urteetako  eskaera izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!