"Parke Gorrixa" proiektuko lanen esleipena bertan behera geratu da

2017/10/24
Udalak jarritako baldintzak betetzen zituen enpresa bakarraren eskaintza erretiratu egin da

  Bi izan ziren berez Etxaluzeko parkearen urbanizazioa eraberritzeko lanen lizitaziora aurkeztu ziren enpresak. Bat prozesutik kanpo utzi zen, udalak zehaztutako lizitazio aurrekontuaren gaineko eskaintza ekonomikoa aurkeztu zuelako. Bigarrenak berriz, eskaintza erretiratuz esleipenean parte hartzeari uko egin dio. Ondorioz, lizitazioa bertan behera uztea erabaki berri du kontratazio mahaiak. Orain proiektua berriro aztertu beharko da zertan hobetu daitekeen ikusteko, eta hobekuntza horiek txertatuta, lizitazio prozesu berri bati ekin beharko zaio. Horrek, udazkenean martxan jarri nahi ziren eraberritze lanok atzeratu egingo ditu.

  Lazarraga, Martzelino Zelaia eta Aita Lizarralde kaleen artean dagoen eremua hartzen du Parke gorrixa izeneko proiektuak. Altube- Negeruela-Otaegi arkitektoek osatu duten lanaren arabera, Etxaluze atzealdeko parkearen eremu zabala borobil formako eremu txikiago eta batuagoetan banatuko da. Modu horretan indartu egin asmo da parkeak elkagunerako duen erabilera. Aita Lizarralde kaletik emango zaion sarrera berriari esker gainera, pasealeku funtzioa ere berreskuratuko du parkeak. Elkargune edo topaleku lasai eta erosoa sortzea da helburua, belaunaldi ezberdinetako herritarren arteko harremanak sustatzeko.

  Parkea berritzeko erabiliko den materialen hautaketa bereziki zaindu da proiektuan, asfaltozko ibilbideak, egurrezko eserlekuak eta zoru-guneak eta belarra konbinatuko dira. Parkeak egun dituen belardi eta zuhaitzak mantenduko dira eta zuhaitz berriak landatzea aurreikusten da. Etxaluzeko parkea eraberritzearekin batera, azpian dauden garajeak iragazgaizteko lanak egingo dira. Inpermeabilizazio lan osagarri horiek garaje jabeek ordainduko dituzte.

  Parke gorrixa izeneko proiektuaren lanetarako aurrekontua 359.424 € gehi BEZa izan da bertan behera utzi den lizitazio prozesuan. Orain, egitasmoa berraztertzerakoan, litekeena da aurrekontu hori handiagotzea. Baina hori ikusteke dago.

Iturria: Oñati Irratia