Oñatiko udala

Osoko Bilkurara aurkeztutako hiru mozioak onartu egin ziren.

2012/01/30
Haur lapurtuen inguruko adierazpena, aho batez onartu zen eta beste biak, Bilduren gehiengo botoz eta jeltzaleen kontrakoaz.

  Udalbatza osatzen duten bi taldeen babesa jaso zuen mozio bakarra, hilaren 17an Gipuzkoako Batzar nagusietan onartutako adierazpena da. Lapurtutako haurren auzian, udalak, kaltetuei elkartasuna adierazteaz gain, egia jakiteko eskubidea bermatzeko konpromisoa hartzen du eta foru Aldundiari, beste neurri batzuen artean kaltetuentzako aholkularitza zerbitzua sortzea eskatzen dio.
Gaia, eztabaida politikotik atertzeko asmoz, Bilduk eta EAJk elkarrekin proposatu eta onartu zuten.
Beste bi mozioan, BILDUren izenean aurkeztu ziren eta talde honetako ordezkarien babesarekin soilik aurrera atera ziren.

  KUTXABANK entitate berriaren inguruan, honen administrazio kontseilua soilik bi indar politikoren esku geratu izana gaitzesten da. Era berean, hau sortzeko lortutako kontsentsua mantendu dadin, 3 aurrezki kutxen batzar orokorrek onartu zuten gizarte eta erakundeen ordezkaritza plurala izatea eskatu zen.
Azkenik, Kutxabank-en, kutxari dagokion ordezkaritza onartzea eskatzen da, irailean egin zen asanbladan erabakitako parametroetan.

  Eta horretan zentratu zen nagusiki eztabaida. Alkateak, iraileko asanbladan erabakitakoa ez errespetatu izana leporatu zion EAJ-ri eta gipuzkoak eta gipuzkoarrek erakunde berrian duten ordezkaritza, ehuneko 20tik ehuneko 16ra murriztu izana. Jeltzaleen bozeramaleak berriz, negoziazioaren ondorio izan zela esan zuen.
Mozioa, Bilduko botoz onartu zen.

  Eta Bilduko botoz soilik onartu zen baita ere, osteguneko Osoko bilkuran eztabaida handiena sortu zuen gaia: Gipuzkoan azpiegitura lan handia geldiaraztea eskatzen zuen mozioa.
Osoko bilkuran Bilduren izenean aurkeztu bazen ere, berez, Oñati  zero zabor eta Oñatiko AHTren aurkako taldearen mozioa zen.

  10 puntuko idatzian, herritarren parte hartzea bermatuko duten prozesuak abian jartzeko konpromisoa hartzearekin batera, hainbat azpiegituren aurka agertzea proposatzen zen: hara nola, abiadura handiko trenaren eraikuntza, Zubietako erraustegia eta makro espetxea, Pasaiako superportua edota A-8 autopistaren bigarren gerrikoa.

  Oñatira etorrita, iazko martxoko osoko bilkuran, materia organikoaren bilketaren inguruan hartutako erabakia bertan behera uztea ere eskatzen zen.
10. puntuan berriz, otsailaren 4an Donostian egingo den manifestazioarekin bat egin eta herritarrei parte hartzera deitzea proposatzen zen.

  EAJko bozeramalea mozioaren aurka zegoela esan zuen, orokorrean, ez esatetik abiatu eta alternatibarik ematen ez zuen idatzia zelako.  Eta Osoko Bilkurak edukiontzi marroia jartzearen inguruan iaz hartutako erabakia bertan behera uzteari buruz, prozesu partehartzailea martxan jartzea eskatu zuen. Azkenean, iragarri bezala, EAJk kontra bozkatu zuen arren, mozioa onartu egin zen BILDUkoen aldeko botoei esker.

  Mozio idatziak hala jasotzen bazuen ere, iazko martxoko osoko bilkuran gai organikoen inguruan hartutako erabakiak indarrean jarraitzen du oraindik. Hori, bertan behera utzi ahal izateko espedientea osatu eta diktaminatu beharko baita hurrengo Osoko Bilkura baten erabaki dadin. Alkateak, prozesua abiatzeko agindua eman du jada eta okerrik ezean, otsaileko bilkuran eztabaidatuko da.


Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!