Orientazio eta laguntza zerbitzu berria Debagoeienean banaketa prozesuan dauden gurasoentzat

2016/02/09
Aretxabaletan kokatuko den eskualde mailako zerbitzua AGIPASE, Guraso Bananduen Elkartearekin elkarlanean emango da

  Banatu edo dibortzio prozesuan dauden gurasoak orientatzea eta erantzukidetasunean gaitzea da zerbitzu mankomunatu honen helburu nagusia. Familia egoera berriari era egokienean aurre egin diezaioten eta seme alaben ongizatea bermatzeko bitartekoak eskaintzea da xedea.

  Orain arte udaletako gizarte zerbitzuak arduratu dira aholkularitza eskaintzeaz, nagusiki halako prozesuen hasieran. Baina banaketa prozesu batek bikotean sortu ditzaken ondorio emozionaletatik haratago ondorio juridikoak ere sortzen ditu, seme alabak dauden kasuetan larriagotu daitezkeenak. AGIPASE, Gipuzkoako Guraso Bananduen Elkarteak halakoei aurre egin ahal izateko zerbitzu osotua eskaintzen du aspalditik Donostiako egoitzan. Arlo terapeutiko, psikologikoa eta juridikoa lantzen du bikoteei egoera kudeatzen lagunduz. Hainbat profesional ari dira AGIPASEko bulegoetan. Debagoienako udalek, sarritan jotzen dute elkartera eta harreman horretatik, zerbitzua eskualdean emateko aukera sortu zen.

  Gurasoei zuzendutako orientazio zerbitzu hau Debagoienean hilean behin, goiz eta arratsaldez, emango da hasieran. Banaketa prozesuaren lehen uneko aholkularitza eskainiko da eta bestelako beharrik dagoela ikusiz gero, beste profesional batzuengana bideratuko da. Zerbitzua Aretxabaletan kokatuko da, bertako udalak libre zuen bulego bat jarri baitu hartarako, baina eskualdeko edozein biztanlek erabili ahal izango du, baita oñatiarrek ere. Martxoan martxan jarri asmo den zerbitzu honetara joateko aurrez hitzordua eskatu beharko da.

  Famili krisi batean dauden gurasoei zuzendutako orientazio zerbitzu hau zertan izango den azaltzeko bi hitzaldi antolatu dira eskualdean; Bergaran otsailaren 17an izango da eta Eskoriatzan, 23an. Oñatin, ikastetxeetara banatuko den triptiko baten bidez zabalduko da zerbitzuaren berri. Triptikoan, zerbitzua zer den, nori zuzenduta dagoen, helburu nagusiak eta funtzionamendua zehazten da. Era berean, aldez aurreko hitzordua eskatzeko telefono zenbakia ere azaltzen da (666 558 195).

  Debagoienan martxoan abiatuko den gurasoen erantzunkidetasuna kudeatzeko programa honetan bailarako 8 udalek parte hartzen dute. Zerbitzuaren finantzazioa ere Udalen kontura izango da, bakoitzak duen biztanlearen araberako kuota ordainduz.

Iturria: Oñati Irratia