"Orain presoak" ekimenean parte hartzeko deia luzatu du udalbatzak

2018/09/28
Card image cap
Espetxe politika aldatzeko Sarek sustatutako dinamika da "Orain presoak"

  Elkarbizitzan eta bakean aurrera egiteko, espetxe politika aldatzea beharrezkoa dela dio udalbatzak aho batez, bere egin duen adierazpenean. Bide batez, herritarrei dei egiten zaie bihar, Foruen enparantzan egingo den ekitaldian parte hartzera.

  Bihar 19:00tan hasiko den ekintzan, presoen dispertsioaren amaiera modu sinbolikoan irudikatuko da. Oñatiarrak preso dauden kartzela ezberdinak eta erbestea irudikatuz, zutabe koloretsu bana abiatuko da San Juan kalea, kale Zaharra, kale Barria eta Atzeko kaletik eta guztiek bat egingo dute Foruen enparantzan. Bertan egingo da espetxe politika aldatzeko aldarrikapena. Herriko musika talde eta eragile ezberdinek parte hartuko dute.

  Euskal herritarren minak eta oinazeak askotarikoak direnaz kontziente dira Orain presoak ekimenaren sustatzaileak. Oinaze horiek ez dituzte ez ahaztu ezta baztertu nahi, elkarbizitzan eta bakean aurrera egiteko zauri guztiak sendatu eta korapiloak askatu behar direla jakitun baitira. Baina egun indarrean dagoen espetxe politika aldatu ezean, giza eskubideak urratzeaz gain, presoen senideek sufrimendua pairatzen jarraituko dutela adierazten dute. Horregatik, egungo espetxe politika aldatzea ezinbestekotzat jotzen dute, elkarbizitzan eta bakean aurrera egin ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!