Orain arte, 19 gazteren kurrikulumak jaso dira udaleku irekietan begirale izateko.

2013/04/11
Izen emate epea zapatuan, amaitzen da (13:00etan).

  Uztailean egingo diren udaleku irekietan begirale izan nahi dutenen izen ematea Aste Santuko jai egunen ondoren, pasa den asteartean zabaldu zen. Lehen 5 egunetan, 19 gazteren kurrikulum eta eskaerak jaso dira udal bulegoetan. Baina, horrelakoetan gertatu ohi denez, gehienak, aste honetan zehar aurkeztuko direla esan digute udal erregistroko arduradunek. Guztira zenbat begirale beharko diren oraindik zehaztu gabe dago, baina udalekuetan parte hartzeko izena 350en bat neska mutikok eman dutela kontutan hartuz, 30-32ren bat begirale beharko direla kalkulatzen da.

  Lanean hasterako, 18 urteak beteta izatea, euskaraz ondo moldatzea eta eskola graduatua edo pareko titulazioa izatea dira bete beharreko oinarrizko baldintzak. Hortik aurrera, aisialdi monitore gisa edota akademikoki duten formazioa eta lan-eskarmentua bereziki baloratuko dira. EGA edo pareko titulua izatea ere kontutan hartuko da.

  Puntuagarri diren meritu eta titulu guzti horien egiaztagiriak izena ematerakoan aurkeztu behar dira. Eskaera orria eta nortasun agiriaren kopiarekin batera.

  Eskaera guztiak jasota, bakoitzari dagokion puntuazioa aterako da eta berdinketa izenez gero, ordena ezartzeko, honako irizpideak hartuko dira kontutan: oñatiarra izatea, egiaztatutako lan esperientzia, begirale titulua izatea, EGA edo baliokidea izatea eta lanpostuarekin zerikusia duten ikasketak.

  Puntuazio horren arabera, begirale izateko izena eman dutenen zerrenda kaleratuko da. Kontratua, puntuaziorik altuena lortu dutenei egingo zaie.

  Aurten eta nobedade gisa, izena ematerakoan zein adin taldetako neska mutikoekin aritu nahiko luketen galdetzen zaie begirale hautagaiei eta begirale agiria ateratzeko ikastaroa egiten ari direnei ea tituluari dagokion zati praktikoa bertan egin nahi ote duten, baldin eta kontratua izateko hautatuak ez badira.

  Uztaileko udaleku irekietan begirale izan nahi dutenek, izena, udal bulegoetan eman behar dute zapatua bitartean.

  Kontu egin behar da, hori bai, begirale izateko formazio saioetara joan beharko dela. Prestakuntza saio hauek, maiatzaren 11, 18, 25 eta ekainaren 29an egingo dira.

  Udalak, berriz, hautatutakoei, uztailaren 1etik 31ra arteko lan kontratua egingo die.

Iturria: Oñati irratia