Oñatiko udala

Oposizioaren esku utzi du udal gobernu taldeak 2018ko aurrekontu proposamena

2017/11/17
Card image cap
18.781.000 euroko aurrekontua osatu du, aurtengoa baino % 2,15 handiagoa

  Inbertsioen atalean hainbat exekuzio proiektu lantzeko partidak zehaztu dira proposamenean: kiroldegikora 300.000 euro bideratzea aurreikusten da eta Olaitturri estali eta erabilera anitzeko espazio bat sortzeko 50.000 euro. Exekuzio proiektuak lanak esleitu eta egin aurretiko azken urratsa izan ohi dira. Exekuzio proiektu horiek eskutan eta inbertsio berezi hauen zenbatekoak zehaztuta, urte-anitzeko inbertsio plana prestatuko du udalak, lanei aurre egin ahal izateko.

  Urteetan egiten ari diren lanak jarraituz, herriko auzo nagusietako urbanizazioak berritzeko planekin aurrera egingo da 2018an, irisgarritasuna hobetzeko helburuz. San Lorentzo, Zubillaga edota Olakuako lanekin jarraitzea aurreikusten du gobernu taldeak. Baina bada berritasunik datorren urteko aurrekontu proiektuan, alde zaharreko etxebizitzen birgaitzea sustatzeko programa pilotu bat martxan jarri nahi baita. Mendiko kalea eraberritzeko proiektua eta Kasablankan jolas gune berri bat ere jaso dira 2018ko inbertsioen atalean. Aipagarriak dira bestalde, Urgain-Errekalde ikastetxeko sotoko forjatu sanitarioa konpontzea, aurten esleitu gabe geratu diren  Etxaluzeko parkea egokitzeko lanak, Araozko auzoetxea, Natur eskolaren eraberritzea, plaza ondoko jolastokia asfaltatzea edota Maiatzaren 1a plazan plataforma bakarreko espaloia eratzea aurreikusten dela, besteak beste.

  Ongizate alorrean eta Berdintasunean gastu soziala mantendu ez ezik,  gizarte larrialdiak eta programa psikosozialetarako diru partidak indartzea erabaki da. Haurrak eta Gazteria batzordea ere indartzen da ludoteka eta Gaztelekuaren kudeaketa kontratu berritu batez. Era berean, landa eremuko auzoekiko konpromisoari eusten zaio Auzotasuna programari jarraipena emanez eta auzoetako azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko partidak mantenduz.

  2018ko aurrekontu proposamena lantzerakoan, finantza oreka egokia mantentzea bereziki zaindu dela jakinarazi du alkateak. Ondorioz, zorpetze maila oso baxua eta aurrezki arrunt garbia duen aurrekontua osatzea lortu dutela azpimarratu du. Aurrekontuak osatzeko iturriak anitzak izan dira: legegintzaldi plana, udal teknikari eta langileen proposamenak, urtean zehar jasotako herritarren ekarpenak eta azken asteetan udal eraikinetan jarri ziren gutunontzietan jasotakoak. Ehundik gora ekarpen jaso direla azpimarratu ditu gobernu taldeak.

  Atzo aurkeztu zitzaion oposizio taldeari udal gobernuaren 2018ko aurrekontu proiektua. Ekarpenak egiteko 15 eguneko epea izango dute orain jeltzaleek, gaia, okerrik ezean, azaroaren 30ean egingo den Osoko Bilkuran aztertuko baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!