Ondarearen Europako Jardunaldiak Oñatin, urriaren 27 eta azaroaren 10ean

2018/09/14
"Ondarea, emakumeen emaria" gai nagusia jorratuko da

  Gipuzkoako Foru Aldundiak hirugarren urtez jarraian antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldiok, lurraldeko hainbat herritako udal, elkarte eta kultur eragileekin elkar lanean. Bihar hasi eta azaroaren 16ra bitarrean  70 jarduera beteko dira Gipuzkoako 33 udalerritan. Oñatin ere izango da zer ikusi eta ikasi urriaren 27 eta azaroaren 10erako antolatu diren ekintzetan.

  Urriaren 27an, Baimendu gabeko sexualitatea: legeria eta justizia Gipuzkoan XVI-XVIII mendeak izeneko hitzaldi berezia egingo da Protokoloen Artxibo Historikoan. Legeria historikoa eta lurraldean gordetzen den dokumentazioa informazio iturri gisa erabiliz, sexu delituen gainean garai hartan zegoen iritzia aztertuko da, baita biktimen eta erasotzaileen profilak eta errudunei jartzen zitzaizkien zigorrak ere. Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan gaiaren inguruan dauden dokumentuak ikusi ahal izango dira.

  Azaroaren 10ean berriz, Oñatiko emakume ikusezinak bisita gidatua egingo da Turismo bulegoko teknikarien eskutik. Herriko emakumeak ikusezinak izan dira orain arte. Bisita honekin, herriko historian garrantzia berezia izan duten emakumeak bistaratzen saiatuko dira, bakoitzak bere esparruan egindako ekarpena eta jasandako diskriminazioak azaleraziz. Ekintzetan parte hartzeko aurrez izena ematea gomendatzen da.

  Atzo aurkeztu ziren Donostian aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiok, antolatu den programazio zabalaren berri emanez. Ondarea, emakumeen emaria jardunaldien xedea ondasun kulturalak sortu, zaindu eta transmititzeko garaian emakumeek egin duten lana ikusaraztea da, beste arlo askotan bezala, ezkutatu edo isilarazi baita. Hala, jardunaldi hauen baitan ia ohikoak diren bisita gidatuekin batera, ikuskizunak, adineko emakumeen lekukotza emateak, itsasoko emakumeei omenaldia, sorkuntza arlo ezberdinetan aritu diren eta diharduten emakumeen lana ezagutarazteko ekintzak eta sorginen inguruan osatu den liburu baten aurkezpena antolatu dira, besteak beste.

  Oñatin, Ondarearen Europako Jardunaldiak egiten hasi zirenetik beti izan da bisita gidaturen bat egiteko aukera eta aurten ere izango da, bi, urriaren 27an eta azaroaren 10ean, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia