Oñatiko udala

Oñatiko Ur Jauziak enpresak akzioen % 10a besterentzeko prozesua abiatu du

2018/04/15
Card image cap
Energia arloan ezagutza teknikoak dituen bazkide berria topatu nahi da

  Une honetan bi bazkidek osatzen duten Oñatiko Ur Jauziak enpresaren Administrazio Kontseilua: Oñatiko udalak, akzioen % 90arekin, eta EEE-EVEk, % 10arekin. Orain bi urte EEE-EVEk enpresa publikoa uzteko asmoa azaldu zuen eta hutsune hori betetzeko, arloa ezagutzen duen beste bazkide bat sartzeko egokitasuna ikusi zen. Une honetan, EEE-EVEk enpresako bazkide izaten jarraitzen du baina Administrazio Kontseiluak profil tekniko hori lukeen bazkidea topatzeko lizitazioa abiatzea erabaki zuen otsailaren 1ean egindako bileran. Oñatiko Ur Jauziak enpresak osora duen akzio kopuruaren %10a besterentzeko prozesua martxan jarri du eta kopuru hori Kontseiluak onartu zuen kapital handitzetik etorriko da. Lizitazioaren iragarkia, ostegunean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

  Bazkide berriak 356.495 euro jarri beharko lituzke, gutxienez. Hori da lizitazioaren prezioa. Gainera, 15.000 euroko berme edo fidantza ordaindu beharko du. Baina egin beharreko diru ekarpenaz gain, energiaren arloan ezagutza teknikoa duela ziurtatu nahi da, horretarako, hainbat baldintza bete beharko ditu, plego administratiboan zehazten denez. Horrela, EEE-EVEk duen profila, eta orain arte bete duen funtzioa osatuko litzateke, energia erakundearen balizko erretiratzea gauzatzen bada.

  Udaleko web atarian argitaratu da Ur Jauziak enpresaren akzioen % 10a besterentzeko prozesuari buruzko iragarkia eta plego administratiboa. Eskaintzak aurkezteko epea maiatzaren 11an amaitzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!