Oñatiko udala

Oñatiko Udalak azalpenak eskatu dizkio Ertzaintzari, zapatu gauean gertatutakoa argitzeko

2019/06/21
Card image cap
Bergarako ertzain etxeko buruekin datorren astean batzartuko dira

  Larunbat gauean ertzainek kolpatu zituztela salatu zuten herriko bost gaztek, sare sozialen bidez. Ordutik, gertatutakoa argitu nahian ari da udala. Bi aldetako bertsioak ezagutzeko ahaleginean jardun du orain arte, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

  Alde batetik, borra kolpeak jasan zituzten gazteekin harremanetan daude eta udal ordezkariekin berba egiteko prestutasun osoa erakutsi dutela zehazten da udal idatzian. Gazteek gertatutakoari buruzko azalpenak, xehetasun guztiz, eman dizkietela adierazi dute udal ordezkariek prentsa oharrean.

  Bestalde, Ertzaintzarekin hitz egiteko ahaleginak ere egin dituzte baina orain arte euren bertsioa ezagutzerik ez dutela lortu onartu dute. Taberna batean izandako liskar baten akta soilik jaso zutela adierazi omen diete Ertzaintzatik. Baina, gertatutakoa argitzeko asmoz, Bergarako ertzain etxeko hainbat bururekin bilera hitzartuta dutela ere jakinarazi da udaletik. Bilera, datorren astean egitekoa da.

  Udal arduradunek pasa den larunbatean gertatutakoa argitzeko ahaleginean jarraitzen dute, ondorengo urratsik eman behar ote den ala ez erabakitzeko. Hori da behintzat, prentsara zabaldutako oharrean zehaztu dena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!