Oñatiko udalak “Geuretik sortuak” egitasmoan parte hartuko du

2020/12/11
Euskaraz sortzeko egonaldi artistikoak gauzatuko dira eta lanak erakusteko zirkuitua osatuko da

  Udalbiltzak, Euskal Herriko udalak eta hautetsiak batzen dituen erakundeak, sustatzen du Geuretik Sortuak programa. Ekimenarekin bat egin du Oñatiko udalak eta horrek esanahi du antolatuko diren egonaldi artistikoren bat gurean gauzatuko dela eta Oñatik ere parte hartuko duela ondoren osatuko den lanak erakusteko zirkuituan.

  Euskaraz sortu eta lan egiten duten artistek geroz eta nekezagoa dute. Geuretik sortuak izeneko ekimena, zailtasun horri erantzutera dator, neurri batean. Euskarazko lanak sortzen laguntzeko egonaldi bana antolatuko du Euskal Herri osoko 25-30 udalerritan, 2021eko lehen erdialdean, eta sortutako lan horiek erakusteko zirkuitua osatuko du ondoren herri horietan guztietan. Euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da helburua, eta 700.000 euroko poltsa aurreikusi dute. Oñatiko udal gobernu taldeak osatu duen 2021eko aurrekontu proposamenean, 15.000 euroko partida zehaztu du Geuretik sortuak egitasmo honetarako.

  Ekimenarekin bat egin duten udaletako ordezkariak hasi dira euren arteko bilerak egiten eta sortzaileentzako deialdia datorren urte hasieran zabaltzea aurreikusten da. Sortutako lanen erakusketa bira berriz, 2022 hasierarako bukatuko da. Sortzaileak hautatzeko deialdi publikoa egitea da asmoa. Laguntzen zenbatekoari eta egonaldiaren iraupen zehatzari buruzko xehetasunak deialdia egiterakoan emango dituzte. Batzorde batek erabakiko du zein proiektu hautatu eta bakoitza zein herritara bideratu. Horri esker, hainbat asteko egonaldia egin ahalko dute bertan sortzaile edo konpainiek. Herriz herriko errealitatea kontuan hartuko duten sorkuntza lanak babestea da Udalbiltzaren asmoa, eta, horretarako, sortzaileen eta bertako eragileen arteko harremanak sustatuko dituzte.

  Euskal Herriaren kohesioa helburu duten egitasmoak bultzatzea da Udalbiltzaren egitekoetako bat, baina orain arte ez du kultur alorreko proiekturik garatu. Hainbat bilkura egin dituzte sektoreko ordezkariekin, eta hortik sortu da egonaldi programa honen ideia. Orain arte 23 herrik egin dute bat asmoarekin, tartean Oñatik, esan bezala. Eskualdean, Bergarak ere bat egin du ekimenarekin baina aipagarria da zerrendan, Euskal Herri osoko herriak daudela, lurraldetasunaren oreka hori bereziki zaindu nahi izan baitute antolatzaileek.

Iturria: Oñati Irratia

Egitasmoaren aurkezpena Durangon