Oñatiko suhiltzaileen kamioiak ez direla egoki garbitu salatu du LAB sindikatuak

2020/02/12
Card image cap
Zubillagako parkeko bi kamioi Zaldibarko istripuan laguntzen egon ziren ostegunean

  LAB sindikatuko ordezkariek salaketa formala jarri dute Lan Ikuskaritzan. Zaldibarren izan ziren Gipuzkoako suhiltzaileen kamioiak behar bezala garbitu gabe eta berehalako arrisku larria dagoela salatu dute.

  Zaldibarko lurjausia gertatu zenean, ostegun arratsaldean, Eibar eta Oñatiko suhiltzaileen parkeko lau kamioi hurbildu ziren istripu lekura eta lanean aritu ziren, desagertutako langileak topatu guran. Gerora jakin zen ordea, zabortegian amiantoa gordetzen zela eta jausitako lurra kutsatuta zegoela. Zaldibarrera eraman ziren kamioiak ez direla egoki garbitu salatu du LAB sindikatuak eta horrek arrisku larrian jartzen duela kamioi hauek erabiltzen dituzten suhiltzaileen osasuna, amiantoz kutsatuta egon daitezkeelako. Gipuzkoako Foru Aldundiko LABeko sail sindikaleko delegatuek salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzan eta egoeraren berri adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistroan.

  Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen kasuan, ostegunean Zaldibarren izandako kamioiak garbitu ondoren prezintatuta daudela jakinarazi du LAB sindikatuak. Gipuzkoako kasuan, Aldundiak arrisku larriko egoeran hartu beharreko neurririk ez dituela hartu salatu du.

  Salaketa formala atzo aurkeztu zuen LABek eta hala, 24 orduko epea ireki zuen Lan Ikuskaritzak esku hartu dezan.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!