Oñatiko ikastetxeetan ikasi duten 76 gaztek unibertsitatera sartzeko azterketak izango dituzte etzitik aurrera

2019/06/03
Ostiral eguerdira arte luzatuko diren probak Eibarren egingo dituzte ikasle oñatiarrek

  Zuazola-Larraña institutuek 32. epai mahaiari dagokion aretoan egingo dituzte eta Txantxiku Ikastola eta Elkar Hezikoek berriz, 33. epai mahaiari dagokionean. Baina guztiak, Eibarko ingeniaritza eskolan. Eta Oñatitik-Eibarra joan-etorria egiteko autobusa antolatu da guztientzat, goizetan joateko eta eguerdian edo arratsaldean, bakoitzak dituen azterketen arabera, itzultzeko. Izan ere, selektibitateko azterketak asteazkenean eta ostegunean goiz eta arratsaldez eta ostiral goizean egingo baitira. Baina ikasle denek ez dituzte froga guztiak egin behar. Aurten, iaz moduan, komunak diren eta ondorioz derrigorrez egin behar diren hainbat ikasgai espezifiko moduan ere baloratuko baitira. Beraz, zenbait ikasle ez dira arratsaldetako azterketa espezifikoetara aurkeztuko. Arratsaldean azterketarik ez duten ikasle horientzat autobusa eguerdiko 13:00tan izango da  Eibarren, eta arratsaldean berriz, 19:00tan. Herriko ikastetxeek propio antolatutako autobusak dira, esan bezala. Eibarra joateko postetxe aurrealdeko geltokitik irtengo da autobusa: asteazkenean, 7:40tan eta ostegun eta ostiralean berriz, 7:55tan.

  Unibertsitatera sartzeko ebaluazio proba egitera doazen oñatiarrak, 76 dira guztira:  42 Txantxiku ikastolakoak dira, 19 Elkar Hezikoak eta 15 Zuazola-Larraña institutukoak. Guztiek, etzi, goizeko 8:45etarako dagokien aretoan egon beharko dute Nortasun Agiriarekin eta matrikula ordain agiriarekin.

  Aurten ez da aparteko nobedaderik egon selektibitate azterketen inguruan eta azken bi urteetako azterketa ereduaren parekoa izango da. Horrek esanahi du, ikasle guztiek komunak dituzten eta derrigorrean egin beharko dituzten azterketak bost izango direla: euskara, ingelesa, gaztelera, historia eta matematika. Gainera, euskara edota ingelesa ikasgai espezifiko moduan ere baloratuko dira, lehen esan bezala. Horiezaz gain, ikasgai espezifikoei dagozkien azterketak ere egin ahal izango dira nota altxatzeko.

  Ekaineko deialdira aurkezten diren gehiengo zabal batek proba gainditzen du. Iaz esaterako, batek izan ezik, gainontzeko guztiek aprobatu zuten. Ekaineko lehen deialdiko azterketaldia gainditzen ez duenak, edo batxilergoko ikasgairen bat oraindik aprobatzeko duenak hurrengo aukera, uztailaren 3, 4 eta 5ean izango du.

Iturria: Oñati Irratia