Oñatiko udala

Oñatiko elikadura sistemaren karakterizazioa egiteko proiektuak jaso du Udalaren Ingurumen beka

2021/01/20
Card image cap
2022ko abenduaren 31rako amaitu beharko da

  Oñatiko elikadura sistemaren karakterizazioa: oinarri sozial eta fisikoren definizioa da Ingurumen beka jasotzeko epaimahaiak hautatu duen egitasmoaren izenburu osoa. Lau proiektu aurkeztu ziren eta baloraziorik altuena lortu zuen aipatu egitasmoak.

  Zer nolako karakterizazioa eman dakioke Oñatiko elikadura sistemari eta zein osagai behar ditu ekoizpena eta kontsumoak kate eraginkorra osa dezaten, beti ere herritargoaren babes zabalaren bultzadaz? Bi galdera nagusi horien bueltan osatu da Ingurumen beka eskuratu duen proiektua. Hala, ikerlariek, Oñatiko etorkizun hurbileko elikadura sistema irudikatu eta diseinatzen saiatuko dira, batetik, eta horri erantzun ahal izateko lur ondarearen katalogazioa zehaztuko dute, bestetik.

  Babestutako ikerlanaren helburu nagusia da Oñatiko elikadura sistema aztertu eta sistema hau agroekologiaren bidean indartzeko urrats berriak proposatzea. Horretarako alderdi sozio-kulturala eta fisikoa aztertuko dira, informazio hori norabide egokian baliatu ahal izateko. Beste helburu batzuk ere zerrendatu daitezke: komertzializazio bide laburrak eta bertako kontsumo potentzialtasuna uztartzea; bertako eragileekin elikadura sistemaren ezagutza areagotzea; herriko eragileekin eta bereziki lehen sektorean dihardutenekin, arazoaren pertzepzio kolektiboa landu, eta diagnostiko parte hartzaile batetik eratorritako ekintza-planean inplikatzea; udalerriko landa lursailak sailkatzeko metodologia hobetzea, lurraren izaera multifuntzionala zainduz eta adierazle ezberdinak sortuz, nekazaritza ekoizpenerako egokiak diren lursailen sailkapen bat osatuz edota ingurugiroa babesten duten lur eremuak Oñatiko elikadura sistema indartzeko erabiliak izan daitezen sustatzea, besteak beste.

  Ikerlana bost fasetan egitea aurreikusten da: bibliografiaren berrikuspena; Oñatiko elikadura sistemaren diagnosia, alderdi sozio-kulturala eta alderdi fisikoa bereziz, eta datuen analisia eginda lehen sektorea bultzatzeko ekintzen proposamena, amaitzeko.

  Formazio akademiko eta arlo profesional osagarria duten lau lagunek gauzatuko dute ikerlana: geodesia eta kartografia goi ingeniaria eta topografiako ingeniari teknikoa da bat, industria ingeniaria eta jasangarritasunaren zientzia eta teknologian aditua bestea, ingurugiro zientzietan lizentziatua eta agroekologian aditua hirugarrena eta goi-mailako nekazal ingeniaria eta lurralde plangintzan eta kudeaketan aditua laugarrena.

  Oñatiko elikadura sistemaren karakterizazioaren inguruko ikerketa lana 2022ko abenduaren 31rakoamaitu eta aurkeztu beharko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!