Oñatiko Bilduk, zapatuan egingo duen 2. Hauteskunde tailerrerako deialdia zabaldu du.

2015/01/27
Gaztelekuan izango da, goizeko 10etatik aurrera. Amaieran, udal hauteskundeetarako alkategaia aurkeztuko da.

  Hasieran zehaztutako egutegiarekiko bi asteko atzerapenez osatuko du Oñatiko Bilduk, bigarren hauteskunde tailerra. Larunbatean izango da esan bezala.

  Azken bi hilabetetan taldez talde hauteskunde programa lantzen aritu ondoren egindako lana amankomunean jartzeko bigarren bilera irekia egingo da.

  Irailean ekin zion Oñatiko Bilduk datozen udal hauteskundeak lantzeari. Lehenik, amaitzear dagoen 2011-2015 legealdiko irakurketa eta ebaluazioa egin zen eta ondoren, urri amaieran, lehenengo Hauteskunde Tailerrean, osatutako ebaluazioa partekatzeaz gain, 2015-2019 legealdi berrirako ideia eta asmoak marrazten hasi ziren.

  Ordutik eta gaurdaino hainbat herritar, taldez talde ekarpenak egin eta  ideiak lantzen aritu dira.  Datorren larunbata honetan, egindako ekarpen guzti horiek aurkeztuko dira eta bertaratzen direnen ekarpen berriak jasoko dira. Hori, Gaztelekuan egingo den II. Hauteskunde Tailerrean egin asmo da. Bigarren hauteskunde tailer honen xedea, maiatzeko udal hauteskundeetarako Oñatiko EH Bilduren programa lantzea izango da, esan bezala.

  Tailer hauek irekiak dira, horretxegatik, interesa duten herritar guztiei bertaratzeko gonbidapena egin nahi die Oñatiko Bilduk. Tailerra, esan bezala, Gaztelekuan egingo da goizeko 10etan hasita. Amaieran, ordubata inguruan, taldeak alkatetzarako aurkezten duen hautagaia ezagutzera emango du.

  Mikel Biain, egungo alkateak, hautagai izateko prestutasuna azaldu zuen aspaldi. Beste hautagairik agertzeko epea zabalik dago eta halakorik izan ote den eta hala bada Oñatiko Bilduk noren aldeko apustua egiten duen larunbata eguerdian, ordu bata inguruan jakinaraziko da.

Iturria: Oñati irratia