Oñati eta Legazpi arteko autobus zerbitzua lau hilabetez etetearen kontra daude bi herrietako udalak

2019/09/10
Arazoa konpontzeko bilera eskatu diete Diputazioko arduradunei

  GI-2630 errepideko Olaran errekaren gaineko lau zubiak konpondu bitartean, lau hilabetez, Zumarraga-Oñati-Arrasate autobus linea moztu eta Oñati eta Arrasate artean soilik beteko zela iragarri zuen Foru Aldundiak. Baina Oñati eta Legazpiko udalak ez daude horrekin ados eta halaxe jakinarazi zieten Aldundiko ordezkariei pasa den ostiralean egin zuten batzarrean. Beste alternatiba batzuk aztertzea eskatu zieten beti ere, Oñati eta Legazpi arteko autobus zerbitzua ziurtatzeko. Hala, bai Oñatiko udalak, baita Legazpikoak ere, bilera berria eskatu dute. Bilerarako egunik ez da finkatu baina Olaran errekako zubiak birgaitzeko lanak hastear daude, beraz, astean bertan izatea espero da. Gogoratu, Oñati eta Legazpi arteko errepidea datorren astelehenean, irailaren 16an itxiko dela iragarri duela Diputazioak.

  Olapoto eta Aiastui artean dauden lau zubiak birgaituko dira eta lanak egiteko Udanako errepidea itxita geratuko da lau hilabetez. Olabarrietako bizilagunentzat ordezko bideak egokituko dira, baina gainerako ibilgailu guztiek Bergaratik egin beharko dute Legazpirako joan-etorria.

  Autobus zerbitzuarekin zer gertatuko den oraindik guztiz erabaki gabe dagoela jakinarazi digute udal arduradunek.

Iturria: Oñati Irratia