Oñatiko udala

Oñati eta Arrasate arteko Epele-San Prudentzio- Zubillaga bidegorri zatia egiten hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia.

2012/10/18
Lanak Murias enpresari esleitu zaizkio eta epe laburrean hasiko dira, Arrasatetik Oñatirako norabidean.

   Oñati eta Arrasate bidegorri bidez lotzeko proiektua aurrera doa. Zubillaga eta Kurtzetxo arteko lanak abendu bukaeran amaitzea aurre ikusten du Diputazioak eta orain Epele eta Zubillaga artekoak hasiko ditu.
Egia esan, Epele eta Zubillaga arteko bidegorri zatiari dagozkion zenbait lan eginak daude jada, Epeleko araztegi inguruan egin ziren obrak aprobetxatu baitziren bidegorria aurreratzeko.
Epele-San Prudentzio-Zubillaga zatiko obrak Epeleko hondakin uren araztegiaren parean hasiko dira eta Oñatirantz etorriko dira.

  Bideak 3 metro eta erdiko zabalera izango du; bi metro bizikletentzat, eta gainerakoa oinezkoentzat. Oro har, Vasco-Navarro trenbide zaharraren plataforma hartuko da oinarri gisa. Horregatik, ibilbidea laua izango da, eta batez besteko aldapa ez da % 2ra iritsiko. Laster egiten hasiko diren bidegorri zatiak lau kilometro eta erdi pasatxoko luzera izango du.

  Ibilbide guztian Led motako argiak jarriko dira; aire zabaleko zatietan, 35 metrotik behin, eta tuneletan, 12 metrotik behin.

  Lanak, esan bezala, Epeletik hasi eta San Prudentzioraino egingo dira lehenik. Bidegorriak,  San Prudentzioko biribilgune ingurua lurpetik gurutzatzea aurreikusten da proiektuan. Horren ondoren, bideak gorantz egingo du Tavesa enpresako instalazioetara sartzeko, Oñati ibaiaren gainean dagoen zubiraino. Zubia ere trenbide zaharraren zati bat da, eta ibilgailu motordunekin partekatuko da.

  Bidegorriaren bigarren zatia berriz, San Prudentziotzik Fanderiara sartzeko zubirainokoa izango da, 1.600 metro inguru. Ia zati osoa Oñati ibaiaren ondotik doa. Fanderiako industria poligonoan sartuta, lehenengo 235 metrotan, atzealdeko bide batetik igaroko da. Zati hori ere ibilgailu motordunekin partekatua izango da. Gero, oraingo espaloia 200 metrotan edo zabaldu egingo da, bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea barne hartu.

  Eta lanaren hirugarren zatia, Fanderiara sartzeko zubitik Zubillagako zubira arteko 1.140 metrotan zehar egingo da. Azken zati honek, zubillagatik Kurtzetxora egiten ari diren bidegorriarekin bat egingo du. Hala, Zubillaga auzoko zatian, kale nagusiaren sekzioa berriro definitzea planteatzen da: metro eta erdiko espaloia, 6 metroko galtzada eta hiru metro eta erdiko bizikleta eta oinezkoen bidea eginez.
Foru aldundiak Epele eta Zubillaga arteko bidegorriko lanak Murias S.A. enpresari esleitu dizkio, milioi bat eta 365 mila euroren truke. Orain lanak hasi aurreko tramiteak egingo dira, obrak, epe laburrean hasteko. Lanak egiteko zazpi hilabeteko epea du enpresak.

Iturria: Oñati irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!