"Olalan" Cowork Gunea astelehenean inauguratuko du udalak

2017/11/03
Aldi berean, "Ekintzailearen astea" hasiko da

  Ekintzailetasuna sustatzeko asmoz, ekintzaile, autonomo eta mikroenpresei zuzendutako baliabide berria egokitu du udalak Olakuako Bidaurreta dorreko lehen solairuan. Olalan izendatu den elkarlanerako gune hau sinergiak sustatu eta proiektuak partekatzeko espazio izango da. Bertan hamabi pertsona aritzeko lanlekua egokitu da. Astelehen goizean, 10:00etan inauguratuko da, eta ekipamendu berria ezagutu nahi duten herritar guztiek bertaratzeko aukera izango dute. Ostiral arratsaldean, 15:00tik aurrera ere cowork guneko ateak irekiko dira herritar guztientzat.

  Elkarlanerako Gunea inauguratzeaz gain, udalak lankidetza hitzarmena sinatu du Enpresagintza fakultateko Mondragon Team Academy ekintzaile sarearekin, eta Ekintzailearen astea antolatu dute elkarrekin. Lehen jarduna asteartean izango da ekintzaile, autonomo, profesional eta mikroenpresei zuzenduta. Elkar ezagutu eta dituzten beharrei buruz elkarrekin hausnartzeko foroa egingo da Enpresagintza fakultatean, 17:00tik 19:30tara. Parte hartu ahal izateko izena eman behar da udaleko Enplegu zerbitzuan, 943003198 zenbakira deituta. Ostegunean Ekintzaile gazteak tailerra egingo da. Partaideak herriko hiru ikastetxetako DBH 4. mailako ikasleak izango dira eta hauek, arazo edo erronka bati konponbide berritzailea eman beharko diote.

  Baina ekintzaile, autonomo eta mikroenpresei zuzendutako beste bi jardun ere antolatu dira azaroaren 21 eta abenduaren 12rako.  Pitching tailerra egingo da lehen egunean eta Pitching deritzon teknika ezagutu eta enpresa proiektu bat modu labur eta eraginkorrean aurkezten ikasiko da. Cowork gunean bertan egingo da. Tailer honen jarraipen moduan antolatu da abenduaren 12ko Pitch and Beer jardunaldia. Aipatu Pitching taknika erabiliz norbere proiektua aurkeztea eta tailerrean ikasitako praktikara eramatea izango da jardunaldiaren helburua. Saio hau Enpresagintza fakultatean egingo da. Biak, tailerra eta jardunaldia,  17:00tatik 19:00tara egingo dira eta parte hartzeko, aurrez izena ematea eskatzen da.

Iturria: Oñati Irratia

"Olalan" cowork gunea