OLAITTURRI kultur elkartea herri antzerki berria prestatzen ari da: “Iparragirre Oñatin” izeneko lana.

2014/05/13
San Migel jaixetan estreinatu nahi dute.

  Eguna hala ere oraindik ez da finkatu. Baina udal arduradunei egitasmoa aurkeztu zaie eta zehaztutako aurrekontua onartuz gero, aurrera egingo duela adierazi digute elkarteko kideek.

  Joxe Mari Iparragirre urretxuarra sarritan egon zen Oñatin udalak gonbidatuta jaixetan kantatzen baina herri antzerkia 1880ko San Migeletan kokatzen da, Iparragirre Ameriketatik itzuli ondoren. Antzezlana herriko ostatu batean jokatzen da.

Testua Iñazio Irizarrek sortu du eta dagoeneko idatzita dago. Parte hartuko duten aktoreak ere izendatuta daude. Iparragirrez ari garelarik musikak leku nagusia izango duela ere kontutan hartu da eta aktoreen artean hainbat abeslari badaude.

  Testuak ikasten eta antzezlana prestatzen hasiak dira baina taldeko entsaioak oraindik ez dira abiatu. Udalak, egitasmoaren aurrekontua onartzearen zain daude, esan bezala, herri antzerkia egiteko data finkatu eta horren araberako entsaio egunak zehazteko.

  Olaitturri kultur elkarteak hainbat herri antzerki egin eta muntatu ditu orain arte, azkena, 2011an taularatu zen “Anexiñua” antzezlana izan zen. Aurrez, jada egina zegoena. “Iparragirre Oñatin” berriz, lan berria da guztiz.

Iturria: Oñati irratia

Irudia: wikipedia