Oñatiko udala

Olaitturri estaltzeko lanak atzeratu egingo dira, kiroldegiko obrak amaitu arte

2019/09/11
Card image cap
Inbertsioen berrantolaketa onartu zuen udalbatzak azken Osoko Bilkuran

  Udalak esku artean dituen proiektuak eta aurrekontuak aztertu ostean inbertsioen berrantolaketa egitea erabaki zen aho batez azken Osoko Bilkuran, udal kontu hartzaileak egindako txostena aintzat hartuta. Inbertsioen berrantolaketaren ondorio nagusia da Olaitturri egokitu eta estaltzeko proiektua atzeratu egingo dela kiroldegia berritzeko lehen faseko lanak amaitu arte. Olaitturriko lanak aurten egitea aurreikusita zegoen.

  Kiroldegia berritzeko lanek zortzi milioi euroko aurrekontua dute, eta proiektu estrategikoa izanik, udaleko hainbat baliabide tekniko eta pertsonalak hartara bideratuko direla esan zen azken Osoko Bilkuran, obrak ongi eta epeetan gauzatu daitezen. Ondorioz, Olaitturriko proiektua geroratzea erabaki zen.

  Kiroldegia berritu eta udalak egun konprometituta dituen beste zenbait inbertsio burutzeaz gain, udalaren asmoa da hurrengo bi urteetan beste milioi euro bana bideratzea inbertsioetara, eta egoera ekonomikoa orain arteko bidetik badoa, partida berriak gehituko dira. Guztira, 2019-2021 epealdian 15,5 milioiko inbertsio plana burutzek asmoa du gobernu taldeak, eta horretarako 11 milioi euroko mailegua eskatu beharko du. Hiru milioi Oñatiko Ur Jauziak enpresari eskatuko dizkio eta gainontzekoa finantza erakunderen bati. Bihar hain zuzen ere, Osoko Bilkura berezia egingo da, mailegu berria zein banketxerekin kontratatu eztabaidatzeko.

  EAJk inbertsioen berrantolaketaren aldeko botoa eman zuen azken bilkuran, kiroldegia berritzeko obra babesten duelako. Hala ere, aurreko agintaldian EH Bilduk egindako kudeaketa txarra kritikatu eta udalaren egoera ekonomiko kezkagarriaz ohartarazi zuen Ainhoa Galdos bozeramaleak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!