"Nerabeak eta teknologia digitalak: erabilera arduratsu baterako bidean" hitzaldia antolatu du Gaztelekuak ostegunerako

2017/05/29
Foru Aldundiarekin elkarlanean garatzen ari diren "Kultura digitala" egitasmoaren baitan kokatzen da

  Teknologia digitalen erabilerak abantaila ugari ekartzeaz gain, arrisku batzuen aurrean jartzen gaitu. Ciberbullying-a, Sexting-a, edo Grooming-a dira arrisku horietako batzuk. Teknologiaren erabilera desegokiei buruzko ikerketek agerian uzten dute zenbait nerabe bereziki kalteberak direla arrisku horien aurrean, batzuetan arauak bete gabe edota erabilera-gomendioei kasurik egin gabe aritzen direlako. Horregatik, beharrezkoa da guraso eta hezitzaileen esku hartzea, era hezitzailean, gazte eta nerabeek internet eta sare sozialak arduraz erabili ditzaten lortzeko. Baina guraso eta hezitzaileek ere teknologia digitaletara hurbildu eta dauden arriskuak ezagutu behar dituzte. Helburu horrekin antolatu da ostegunerako hitzaldia: Nerabeak eta teknologia digitalak: erabilera arduratsu baterako bidean. Hizlariak Jon Altuna eta Nere Amenabar EHUko Fishernet Hezkuntza Teknologia Taldeko kideak izango dira. Hitzaldia, ekainaren 1ean, 19:00tan Gaztelekuan izango da.

  Aldi berean eta Kultura Digitala ekimenaren baitan baita ere, Instant 1ean programa garatzen ari dira Gaztelekuan. Nerabeen artean teknologia digitalaren eta, bereziki, sare sozialen erabilera egokia sustatzeko argazkien eta bideoen lehiaketa da Instant 1ean. Gipuzkoako 13 eta 17 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago eta orain arte, Oñatiko Gaztelekuan erantzun zabala lortu du, bertako erabiltzaileek 566 irudi aurkeztu baitituzte jada. Emaitzak ekainaren 10ean ezagutaraziko dira.

Iturria: Oñati Irratia