Neguko arropa eta oinetakoz betetako 51 kaxa gertu daude Oñatitik Greziara bidaltzeko

2018/02/02
Lehen aldia da errefuxiatuen kanpamenduetara arropa bidaltzen duela Hotz Oñati taldeak

  Izan ere, orain arte, arropa asko, pilatuta eta banatu ezinda zeudenaren mezua jaso izan dute Grezian diharduten taldeen eskutik. Baina jendea neguko arropa beharrean dagoela jakinarazi diete eta berehalakoan, urgentziazko prestaketa lana egin dute Hotz Oñati taldekoek Hermansoloñak lagunduta.

  Neguko txamarra, jertse eta bestelako arropa sendoz betetako 51 kaxa gertu daude Oñatitik Greziara bidaltzeko. Katiuska eta bestelako oinetako batzuk ere sartu dituzte, baina nagusiki neguko arropa da, esan bezala, lehen bidalketa honetarako prestatu dutena. Materiala Bartzelonako KARAAMA elkartearen bitartez bidaliko da, hiriburu horretan itsasoratuz. Gero, Grezian, Accion Directa-Sierra Norte elkartea arduratuko da materiala jaso eta zabaltzeaz. Elkarte hau ere ezaguna da Hotz Oñati taldearentzat, sukalde mugikorren proiektuan elkarrekin aritu baitziren.

  Greziara bidaliko den materiala Hermansoloñaren lokalean prest dago garraioa egingo duen kamioiaren zain. Halakoak SEUR enpresaren bitartez egiten da, doan betetzen baitu elkartasun garraio zerbitzua. Eta lehen bidalketa hori nola doan ikusita erabakiko da arropa bidalketa gehiago egin ala ez. Hermansoloñako ordezkariek adierazi digutenez, hilera 30 bat kaxa prestatzeko gaitasuna badute baina Grezian aprobetxatzen dela, banatzen dela ziurtatu nahi dute.

Iturria: Oñati Irratia