Miren Arbil Urteaga Bikuña, Oñatiko bake epaile eta Mª Carmen Telleria Rodriguez, bake epaile ordezko izendatu berri dituzte

2016/05/30
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ontzat eman du Udalbatzaren proposamena

  Gaia, martxoaren 3ko Osoko Bilkuran aztertu eta onartu zen. Miren Arbil Urteaga Bikuña Oñatiko bake epaile eta honen ordezko Mª del Carmen Telleria Rodriguez proposatzea onartu zen eta hala jakinaraziko zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzari, izendapena egitea, erakunde honi baitagokio. Orain, Oñatiko Udalbatzaren proposamena ontzat emanda,  izendapena ofizial egiten duen ediktua argitaratu da gaurko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

  Iazko azaroko Osoko Bilkuran onartu zen bake epaile eta ordezko karguak betetzeko deialdia abian jartzea. Hiru hautagai aurkeztu ziren arren, baten eskaera epez kanpo jaso zenez ez zen kontutan hartu. Hautagaien ikasketak eta lan egoera baloratu ziren eta zuzenbidean lizentziatua den Miren Arbil Urteagak puntu alde handia lortu zuen. Ondorioz, hasieran elkarrizketa pertsonala egitea aurre ikusi bazen ere, halakorik egin gabe eta bi hautagaiekin adostuta, bake epaile posturako Miren Arbil Urteaga Bikuña proposatu zen. Hala, aurkeztu eta aho batez onartu zen Osoko Bilkuran.

  Bake epaileek jaiotza, heriotza eta antzerako egiaztagiriak sinatzen dituzte eta zenbait instrukzio bideratzen dituzte. Gatazka txikietan eta epaitegietara iritsi gabe kontziliazio edo lagunarteko ekintzak bideratzen dituzte eta ezkontza zibilak ere egiten dituzte. Gaur argitaratuta ofizial egin den izendapena, lau urtetarako da.

Iturria: Oñati Irratia