Merkataritza eta ostalaritzari bultzada handiagoa ematea eskatu dio EAJk gobernu taldeari

2019/02/04
Arrisku larrian dagoen sektorea dela azpimarratu dute jeltzaleek, prentsara zabaldu duten oharrean

  Oñatiko merkataritza txikiaren egoera urtetik urtera okertzen ari dela azpimarratzen du EAJren idatziak; arriskuan dagoen sektorea dela aipatzen dute jelzaleek, eta duen garrantzia estrategikoa aitortuz, sustatzeko bitartekoak eta neurriak jartzea eskatzen diote gobernu taldeari.

  Jeltzaleek beraiek hainbat proposamen zehatz egin dituztela gogorarazten da oharrean: merkataritzari laguntzeko plana, teknologia berrietarako edota belaunaldi aldaketarako dirulaguntzak, komerzioak berritzeko aholkularitza eta belaunaldi erreleboa errazteko eskuragarri dauden lokalen inbentarioa egitea, besteak beste. Aurten, oñatiarren kontsumo ohituren inguruko azterketa egitea ere proposatu zuten jeltzaleek, hori oinarri hartuta, urtez urteko ekintza plangintza osatu ahal izateko.

  Halaber, turismo planaren berrikuspena egitea eskatu du EAJk, herriko merkataritza eta ostalaritzan duen eragina areagotzeko helburuz, eta turistek herrian egiten duten kontsumoa sustatuz. Era berean, herritarrak bertako denda txikitan erostera animatzen dituzte, sektoreak bizirauteko. Oñati moduko herrietan zerbitzuak mantentzea oso garrantzitsua dela azpimarratuz amaitzen du EAJren udal taldeak prentsara zabaldu duen oharra.

Iturria: Oñati Irratia