Mendeurrena ospatzeko egitaraua aurkeztu du Eusko Ikaskuntzak

2018/05/23
Hitzordu nagusia 18. kongresua izango da eta Oñatin egingo da azaroaren 23an

  Kezka bati erantzuteko asmoz sortu zen 1918an Eusko Ikaskuntza elkartea, galera sentipen bati erantzuna emateko. Autogobernutik garapen sozioekonomikora ekarpena egin zuen orduan Eusko Ikaskuntzak eta ekarpen hori berriro egitera datorrela esan zuen atzoko aurkezpenean Mario Zubiagak, Eusko Ikaskuntzako Mendeurreneko Kongresuaren Batzorde Zientifikoko bozeramaileak.

  Mendeurrena ospatzeko ekitaldien egitaraua aurkeztu zuen atzo Eusko Ikaskuntzak, Donostiako Miramar jauregian. Kongresua izango da mendeurreneko ospakizunen ekitaldi nagusia. Geroa Elkar-Ekin lelopean egingo da, urrian eta azaroan, Baionan, Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Donostian. Itxiera saioa berriz, Oñatin egingo da, azaroaren 23an.

  Azken urteotan bost lan lerro jorratzen ari da Eusko Ikaskuntza eta Oñatiko bilkuran proiektu bakoitzaren inguruan sortu diren galderei erantzungo zaie eta planteamendu horiek gauzatzeko proposamen zehatzak egingo dira. Euskara, etorkizuneko gizarte, sozioekonomia, kultura eta gobernantza demokratikoa dira lantzen ari diren bost alor horiek. Kongresuaren xedea Euskal Herria munduan eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko leku egokian kokatzeko agertoki eta aukerak aurkeztea da eta eztabaida gaietan sakontzen jarraitzeko lan agenda bat zehazteko konpromiso sozial-instituzionala lortzea.

  Eusko Ikaskuntzaren 18. kongresuaren itxiera Oñatin izango da azaroaren 23an, egun osoko bilera egitaraua osatu ondoren. Baina Mendeurrenaren ospakizuna hurrengo egunean amaituko da, ekitaldi instituzional handi bat eginez, hori ere Oñatin. Agintariak, Eusko Ikaskuntzako kideak eta euskal gizarteko hainbat lagun bilduko dira azken ekitaldi horretan.

  Ekainaren 2an Bazkideen Batzar Nagusia egingo du erakundeak eta Oñatiko Udala Eusko Ikaskuntzako Ohorezko Bazkide izendatuko dute ekitaldian. Hamaika amaren seme-alaba antzezlana ere prestatzen dihardute eta estreinaldia Oñatin izango da azaroko Kongresuaren baitan.

Iturria: Oñati Irratia

Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko ekintzen aurkezpena atzo