Mankomunitatearen jardunaren balorazio ezkorra egin dute eskualdeko EH Bilduko hautetsiek

2019/05/14
Gaika bildutako hondakinetan “inpropioen” maila oso altua ematen ari dela eta, arazo larria sortu dela azpimarratu dute

  Debagoieneko EH Bilduko hautetsi eta hautagaiek agintaldi amaierako bilera egin zuten atzo. Eskualdearen egoera sozioekonomikoaz eta Mankomunitatearen jardunaz aritu ziren, eta amaieran, jardun horren balorazioa agertu zuten prentsa-aurrean. Ingurumena eta ekonomia garapena izan ziren bereziki baloratu zirenak.

  Ingurumenari dagokionean, 2015ean, eskualdeko hainbat herritan edukiontzi bidezko sistema berriro jartzerakoan aldaketak kostu aurrezpena ekarriko zuela iragarri zela gogorarazi zuten EH Bilduko hautetsiek. Gaika bildutako hondakinetan inpropioen maila oso altua antzeman da ordea, eta horrek, tratamendu kostuak igotzea ekar dezakeela azpimarratu zen atzoko agerraldian.

  Ekonomia garapena ere aztertu zuten EH Bilduko hautetsiek. Mankomunitatetik, eta eskualdeko erreferente den Arrasateko udal gobernutik, kanpora begirako jarrera izan dela aipatu zuten. Alegia, bertako kooperatiba eta enpresekin elkarlanean aritu ordez kanpoko inbertsioa erakartzeko ahaleginean aritu direla. EH Bilduren iritzian, eskualdeko ekonomia modu orekatu eta sendo batean garatu bada, garapen endogenoari esker izan da. Zentzu horretan, bertako enpresa eta eragileekin elkarlan estuan aritzea ezinbesteko dela azpimarratu zuten. Eta Mankomunitatearen lidergotza sendoa eskatu zuten, Debagoienean proiektuak garatzeko.

  Debagoieneko mankomunitatea hondakin zerbitzuak eskaintzeaz haratago eskualdeko garapenari begira jarri behar dela aldarrikatu zuten EH Bilduko hautetsiek.

Iturria: Oñati Irratia

EH Bilduko hautetsi eta hautagaiak