Mankomunitateak zuzendu egin du hondakinen atez ateko bilketa sistemak bilketa kostua igo arazi dueneko berria

2015/04/27
Kontratu kostua da % 104 garestitu dena, Mankomunitateak aurreikusia zuen bezala

  Ostiralean eta Herri Kontuen Epaitegiak Debagoienako Mankomunitatearen inguruan egin zuen txostenaren harira, hainbat hedabidek guztiz zuzenak ez diren datuak argitaratu zituztela dio Mankomunitatetik zabaldu den prentsa oharrak. Atez atekoaren ezarpenak Debagoienean hondakinen bilketa kostua % 104 garestitu duela argitaratu zen baina Mankomunitateak zehaztapenak eman ditu eta kontratuaren kostua eta bilketaren kostua berezitu behar direla adierazi du, % 104ren igoera, kontratuaren kostuari dagokiola argituz.

  Zerbitzuaren kostua kalkulatu ahal izateko tratamendu kostua eta birziklatze salmentak ere kontutan hartu behar direla zehazten du Mankomunitateko Gobernu Juntaren idatziak.

  Tratamendu kostuei dagokienean, gastuak % 27,80 murriztu dira 2011tik 2014ra. Mankomunitateak emandako datuen arabera gastua 2.288.473 € -tik 1.652.185€ra jaitsi den arren, datu hau ez da inon argitaratu eskualdeko arduradunek zehaztu dutenez. Gaikako gaien salmentatik jaso den diru kopurua ere nabarmen igo baina zabaldu ez den bezala. Gaikako gaien salmentatik 2011an, 690.666 € jaso ziren bitartean, 2014an, 1.102.755 € jaso ziren. Hau da, % 59,67 hazi zen, birziklatze mailaren igoeraren ondorioz.

  Mankomunitatetik zabaldutako datuetan ez da zehazten hondakinen bilketa zerbitzuak zein kostu duen baina Kontuen Epaitegiko txostenari erreferentzia eginez, 2013an, 113,79€ko tasarekin aipatu bilketa kostua erabat  estaltzen dela adierazten da. Horrek, Mankomunitatak berak 2012ko abenduan aurreikusitakoa berresten duela azpimarratzen da prentsa oharrean, zergadun bakoitzak 128 €tik beherako urteko kostua izango lukeela zehaztu baitzuen eskualdeko organoak 2012aren amaieran.

  Mankomunitateko Gobernu Juntak zabaldutako prentsa oharrean azpimarratzen da bestalde, Debagoieneko Mankomunitatea dela Gipuzkoa osoan %60ko gaikako bilketa mailara iritsi den lehena eta Herri Kontuen Epaitegiaren txostenak ontzat ematen duela Mankomunitatearen kudeaketa ekonomiko finantzarioa.

 

Iturria: Oñati Irratia