LIFE Natura egitasmoko Europako ordezkaritza Oñatira etorriko da bihar.

2012/05/30
Gipuzkoako programen aurkezpena egingo zaie eta iturrigorriko pagadian egindako lana erakutsiko zaie.

   Foru aldundiak antolatu duen ekitaldia, Arantzazuko Gandiaga Topagunean hasiko da. Bertan, Europako ordezkaritzari harrera egin ondoren, Gipuzkoan, LIFE natura egitasmoa nola garatzen ari den azalduko da. Hala, zuhaizti eta baso ezberdinetan lantzen ari den “Bioaniztasuna eta mugarratuak" proiektua aurkeztuko zaie.

  Baina ekitaldia ez da azalpen teorikoetara mugatuko, ondoren, Iturrigorrira joan eta han, pagomotzak nola berreskuratzen ari diren eta horrek inguruan zer nolako eragina duen bertatik bertara ikusi ahal izango baitute.

  Life Natura egitasmoko ordezkaritza honek Gipuzkoara egingo duen bisita berezi honetan, Jon Peli Uriguen, Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoko diputatuak, Mikel Biain, Oñatiko alkateak eta Angelo Salsi, Life Natura unitateko arduradunak parte hartuko dute, besteak beste.