Lehenengo 59 ostalari eta merkatarien dirulaguntza eskaerak onartu eta ebatzi dira

2020/07/23
52.000 euro pasa bideratzea erabaki da

  107 eskaera jaso dira orain arte Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enplegu eta jarduerari eusteko ezohiko dirulaguntzetarako. Jaso ahala ebatziko zirela zehaztu zen oinarrietan eta lehenengo 59ak jada bideratu dira, Alkate Dekretuz. Orain dirulaguntzaren zati bat ordainduko, lokala itxita izan den hil bakoitzeko 300 euroko ordainketa finkoa eta kontratatuta dauden langileen araberakoa. Gero, dirulaguntzen zuriketa aurkeztutakoan, argindar, ura eta zaborren ohiko gastuak arintzeko zatia ordainduko da. Establezimendu bakoitzak, 2.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du gehienera.

  Dirulaguntzak zuritzeko, eta bigarren laguntza zatia eskuratu ahal izateko, ura, zaborra eta argindar fakturak eta ordainketa agiriak ez ezik, autonomotako alta, Ogasunean eta Gizarte Segurantzan ordainketak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria eta eskaera orriko gastuen taula beteta aurkeztu beharko dira. Horretarako azken eguna irailaren 25a izango da.

  Orain arte ebatzi diren lehenengo 59 eskaeren artean, guztira, 52.204 euro banatuko ditu udalak. Baina eskaera gehiago daude, eta iritsi daitezke oraindik, horretarako azken eguna uztailaren 30a izango baita. Herriko zerbitzuen sektoreari laguntzeko eta osasun alarma egoera indarrean egon zen hiru hilabeteetan itxi beharrean izan zirenen gastuak aritzeko, 342.000 euroko partida du Udalak.

  Asteetan itxita eta jarduerarik gabe egon diren hirugarren sektoreko autonomoek eta 10 langile baino gutxiago dituzten mikroenpresen arduradunek eskatu ditzakete udalaren ezohiko dirulaguntza hauek, baldin eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan Oñatin alta emanda badaude, nahiz eta egoitza fiskala Oñatin ez izan. Alarma egoeraren ondorioz jarduera eten beharra izan zutenei zuzendutako laguntzak dira, hau da, martxoaren 14tik ekainaren 21a arteko epean itxi beharrean egon ziren ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu lokalei zuzenduta dago, eta itxita mantendu ziren epera mugatuta. Dirulaguntza hauek jasota gainera, lan jarduerari eutsi beharko zaio gutxienez ondorengo 6 hilabeteetan.

Iturria: Oñati Irratia