Lau lagun aurkeztu dira arte udalekuetan begirale izateko lanpostuetara

2016/05/23
Izen-emate epea bihar amaitzen da

  Aldi baterako lanpostu hauetara aurkezteko oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: kontratua egitean 18 urte beteta izatea, Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gutxienez gaindituta izatea eta EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea. Horregatik, eskaera orriarekin batera, aipatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dira.  Horrezaz gain, 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea, arte udalekuetako begirale gisa aritu izana edota artearen inguruan irakasle lanak egin izana bereziki baloratuko dira. Lan esperientzia  eta formakuntza osagarriari dagozkion agiriak ere eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira meritu gisa baloratzeko.

  Udalak, arte udalekuetan arituko diren begiraleei hilabeteko lan kontratua egingo die ekainaren 27tik uztailaren 29ra. Orain arte lau lagun aurkeztu dira arte udalekuetako begirale izateko. Baina eskaera gehiago jaso daitezke, horretarako epea, bihar eguerdiko 14.00tan amaituko baita.

  Arte udalekuak, 11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako aisialdi ekintza da eta ekainaren 27tik uztailaren 22ra egingo dira, goizez. 12 laguneko taldea osatzea aurre ikusten da eta ondorioz, bi begirale kontratatuko dira.
Bihar amaituko da esan bezala, begirale izan nahi dutenentzat izen-emate epea. Parte hartzeko interesa duten gaztetxoen izen-ematea berriz, datorren astelehenean, maiatzaren 30ean irekiko da.

Iturria: Oñati Irratia