Lankidetza hitzarmena adostu dute Udalak eta Araotzeko auzoak, neska eskola ostatu bihurtzeko

2019/02/06
Eraikina 10 urtetarako lagako zaio udalari eta epe horretan, udalaren ardurapean geratuko dira ostatuaren ustiaketa eta mantenua

  Pasa den asteko Osoko Bilkuran onartu zen udala eta Araotzeko auzoaren arteko hitzarmena. Neska eskola zaharra ostatu bihurtzeko proiektuari ekiten dion hitzarmen honetan, lanen finantzaketa, eraikinaren lagapena eta horren arabera aldeek izango dituzten ardurak jasotzen dira, besteak beste.

  Auzoak udalari eraikinaren lagapena doan emango dio 10 urtetarako. Behin egokitze lanak amaituta, udala arduratuko da, taberna-denda, ostatua eta landa apartamentuak ustiatzeko, kudeatzeko eta mantentzeko lehiaketa egiteaz. Udalak, eraikinaren lagapena duen bitartean, mantenu arruntaren ardura izango du eta gainontzeko mantenu lanak araoztarren ardurapean geratuko dira. Behin 10 urteko lagapena amaitu ondoren, eraikina auzoari itzuliko dio udalak, baina auzoak ezin izango du eraikina saldu, gutxienez, 20 urtetan, hau da, lanak amortizatu bitartean, eta eraikinaren erabilera hitzarmen markoak zehaztutako helburuei lotuta egon beharko da urte horietan guztietan.

  Udalak eta Araotzeko auzoak adostu duten hitzarmenean bestalde, neska eskola ostatu gisa egokitzeko lanen lehen faseari dagokion finantzazioa ere zehazten da. Udalak eta auzoak, 91.122 eurona jarriko dituzte. Lanak udalak ordainduko ditu eta ondoren, Trinitate auzo elkarteari dagokion zatia kobratuko dio, lehenengo faseko lanak bukatu eta horren berri auzoari emanda, hilabeteko epean.

  Lankidetza hitzarmen hau onartzearen zain zeuden nesken eskola ostatu bihurtzeko lanen esleipena abiatzeko. Orain egingo diren lanen lehen fasean,  oinarrizko azpiegitura egingo da, eraikina erabiltzeko moduan utziz. Egun oin bakarra duen eraikinean bi solairu egingo dira eta behekoan, taberna, sukaldea eta jangela eta mugikortasun urria dutenei egokitutako apartamentu txikia prestatuko dira, 31 m2ko apartamentua. Hurrengo fasean, goiko solairuan 59 eta 43 m2ko beste bi apartamentu egokitzea aurreikusten da. Lan hauek prozedura ireki sinplifikatuz kontratatu asmo dira.

  Oñatiko udala eta Araotzeko auzoak sinatuko duten hitzarmena EH Bilduren aldeko botoz atera zen aurrera, osteguneko Osoko Bilkuran, EAJko udal ordezkariak abstenitu egin zirelako. Landa auzoak berpiztearen alde egon eta araoztarren inplikazioa errespetatzen zutela esan ostean, ostatuaren bideragarritasunaz zalantzak zituztela adierazi zuen bozeramale jeltzaleak, eta auzoa biziberritzeko biderik egokiena ote zen ere zalantzan jarri zuen. Jendea auzoetara bizitzera joan dadin auzoak zerbitzuz hornitu behar direla erantzun zion alkateak, eta denda-ostatua bide egokia izan daitekeela esan zuen. Araoztarrek erakutsi duten konpromiso maila ikusita, udalak bidelagun izan behar duela erantsi zuen Mikel Biainek.

Iturria: Oñati Irratia