Langabeziak behera egiten jarraitzen du gurean.

2014/06/05
Maiatzean, laugarren hilabetez jarraian murriztu da. Iazko urte amaierako maila berean kokatu da berriro eta % 9aren azpitik, % 8,9 da une honetan Oñatiko langabezia tasa.

  Azken hilabetean, langabezian dauden 16 herritar gutxiago kontabilizatu dira Lanbideko bulegoetan. Maiatzaren 31ko dataz, 467 oñatiar ziren lana topatu nahi baina ezinean zeudenak, hau da, populazio aktiboaren %8,9a. Horrek, iazko urte amaierako maila berera garamatza eta 2014. urtean lehen aldiz, %9aren azpiko kopuruetara. Izan ere, urtarrila eta otsailean herriko langabezia tasak gora egin eta gero, martxoan, joera irauli zen. Maiatzean, beraz, laugarren hilabetez jarraian beherako joera horri eutsi dio herriko langabeziak.

  Baina datu zehatzagoetara joanda, gizonezkoen langabezia da bereziki murriztu dena. Apirilarekiko zenbatu diren 16 langabetu gutxiago horien artean, 12 gizonezkoak izan baitira eta lau, emakumeak. Aipagarria da gainera, 25 urtez azpiko emakumeen artean gora, pitin bat, baina gora egin duela langabetuen kopuruak. Beste adin talde guztietan behera egin du, bereziki, 44 urte bitarteko gizonezkoen artean eta 25 eta 44 urte bitarteko emakumeen artean.

  Datuak konparatzeko epea zabaldu eta iazko maiatzekoekin alderatuz gero, urte osoan aipatu duguna berretsi egiten da, alegia, Oñatiko langabezia tasa orain urtebete genuena baino murritzagoa dela. 2013ko maiatzean, 511 langabetu zeuden Oñatin, orain baino 44 gehiago. Horrek, langabezia tasa ere nabarmen igotzen zuen eta une honetan duguna baino ia puntu bat gehiago zen, % 9,74 iaz eta % 8,9 orain.

  Oñatin bezala, Debagoienean eta Hego Euskal Herrian langabeziak behera egin du azken hilabetean.

Iturria: Oñati irratia

Arrasateko Lanbide bulegoa