LANBIDEren diru laguntzaz kontratatuko diren bost peoiak astelehenean hasiko dira lanean

2019/11/14
Hiru, udal brigadan arituko dira eta beste biak, kale garbiketa zerbitzuan

  Lanbiderekin elkar lanean, sei langabe kontratatuko ditu udalak aurten, aldi baterako. Oraingoz dena den, bost peoi kontratatzeko prozesuak osatu dira. 

  Enplegu zerbitzuaren diru laguntza jaso ahal izateko, langileek baldintza sozio-ekonomiko jakin batzuk bete behar dituzte eta DBE edo RGIa jasotzen duten hiru langabe, emakume bat eta 55 urtetik gorako beste bat kontratatuko dira. Guztiekin elkarrizketak egin ziren eta aurrez zehaztutako baremoaren arabera puntuaziorik altuena lortu dutenak hautatu dira. Emaitzak, udaleko web orrian eta udaletxeko iragarki taulan ikusgai daude. Udalak eta Lanbidek jarritako baldintzak bete arren, hamar lagun prozesutik kanpo utzi dira, programa honen baitan aurrez kontratatu izan dituelako udalak.

  Aipatu bost peoiak astelehenean hasiko dira lanean. Udal brigadan arituko direnei hiru hilabeterako kontratua egingo zaie eta kale garbiketa zerbitzuan arituko direnei berriz, sei hilabeterako. Guztiek egun osoko jarduna beteko dute.

  Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako dirulaguntzen baitan kontratatu asmo den seigarren langilea udal euskaltegian arituko da administrari lanak egiten. Horretarako deialdia aste gutxi barru egitea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia