Oñatiko udala

Kuttuna.org egitasmoari amaiera eman zaio Oñatin, 200.000 euroko mugara iritsita

2020/05/08
Card image cap
Herriko merkatal edo ostalaritza zentroetan bonoak eskuratzeko aukera desaktibatu egin da jada

  Atzo arratsaldean iritsi zen 200.000 euroko mugara Oñatiko Kuttuna.org egitasmoa. Ondorioz, Magnet kooperatibak, herriko merkatari, ostalari eta profesionalei laguntzeko aplikazioa indargabetu zuen. Beste herri batzuetakoek aktibo jarraitzen dute oraindik.

  Herriko merkataritza eta ostalaritza babestearren eta irabazi asmorik gabe sortu zuen Kuttuna.org plataforma Magnet kooperatibak, apirila hasieran. Udalak berehala egin zuen bat ekimenarekin eta 40.000 euroko diru-poltsa jarri zuen herritarren erosketak %20an hobaritzeko. Horrela, 200.000 euroko diru mugimendua sortzea zen helburua eta halaxe bete zen atzo arratsaldean. Ondorioz, Oñatiko udalak hobaritutako bonoen mugara iritsita, herriko denda eta ostalaritza lokalen eskaintza bertan behera utzi du kooperatibak.

  Udala oso pozik agertu da ekimenak izan duen harrera onarekin. Eta denda eta zerbitzu lokalak pitinka irekitzen hasi diren honetan, beste laguntza lerro batzuk lantzeari ekin dio.

  Lokala itxita zuten bitartean herriko dendari eta ostalariei laguntzeko bitartekoa izan dira Kuttuna bonoak, horiek eskuratuta etorkizuneko erosketa edo zerbitzu emate baten dirua aurreratzen baitzitzaien. Baina lokalak irekitzen hasi dira, esan bezala, eta datozen aste eta hilabeteak izango dira bonoak aldatzeko. Kuttuna.org bitartez erositako bonoek 2020aren amaiera arteko iraungitze data baitaukate.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!