Kultur ondarearen transmisiorako konpromisoa berretsi zuten atzo Udalak eta herriko ikastetxeek

2021/02/10
“Hurretik” egitasmoak jarraituko du transmisioa hezkuntza nahiz gizarte mailan lantzeko bitartekoak sortzen

  Hurretik kultur ondarearen transmisiorako egitasmoa da. Belaunalditan ahoz aho egin dena, sistematizatzeko helburuz sortu eta garatzen ari den egitasmoa da; galtzeko zorian ikusten zen transmisioa ziurtatzeko beharretik sortua, Hezkuntza batzordeburu Alaitz Kortabarriak adierazi zuenez.

  Beste herri batzuetan gaia nola bideratzen ari zen eta, Oñati mailan, ikastetxeak zein lan egiten ari ziren ikusi zen. Guztietan lantzen zen kultur ondarearen transmisioa baina bakoitzaren ezagutza eta bitartekoen arabera. Udala eta herriko ikastetxeak lankidetzan lantzea erabaki zuten eta hala sortu zen Hurretik egitasmoa 2015ean. Proiektua gauzatzeko Euskalzaleen Topagunea kontratatu zen. Hezkuntza arlora mugatu gabe, herritar ororentzat erabilgarri izango den materiala eta bitartekoak sortu beharra ikusi zen hasieratik: Bi hedapen bide horiek landu dira, azken urtean, pandemiak gizarteratze lana guztiz baldintzatu duen arren.

  Lehen Hezkuntzarako 16 unitate edo sekuentzia didaktiko sortu dira eta www.hurretik.eus atarian erabilgarri dago. Sekuentzia hauen ezaugarri nagusiak hiru dira Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak azpimarratu zuenez: parte hartzaileak dira, sormenean oinarrituta eta malguak.

  Kultur ondarea ez da zerbait zurruna edo mugigaitza,  baizik eta beharraren arabera etengabe moldatzen ari dena, bizia, Elkar Hezi ikastetxeko ordezkariak esan zuenez. Eta zentzu horretan etengabe lantzen jarraitu behar dena, une bakoitzeko erronkei erantzuteko. Eta orain arte bezala, arurrerantzean ere gaia elkarrekin landu eta garatzen jarraitu nahi dute Udalak eta herriko ikastetxeek. Orain lau urte hartutako konpromisoa berretsi zuten atzoko ekitaldian Izaro Elorza alkateak eta Urgain, Elkar Hezi eta Txantxiku ikastolako ordezkariek.

Iturria: Oñati Irratia