KOOPFABRIKA programan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago

2017/12/04
Debagoieneko mankomunitateak eta Mondragon Unibertsitateak, beste erakunde batzuekin elkarlanean, sustatzen duten programa da

  KoopFabrika egitasmoaren helburua da proiektu profesionalak eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzea, beti ere kooperatibagintza eta garapen komunitarioko klabeetan oinarrituz. Kooperatibak eta ekintzailetza sozialarekiko interesa duten pertsona, elkarte eta enpresa guztiei dago zuzenduta. Otsailean jarriko da martxan programa berria, baina abenduaren 23a baino lehen eman behar da izena.

  KoopFabrika fase ezberdinetan garatuko da: formakuntza, tutoretza eta saretzea. Hasteko, KoopFabrikako parte-hartzaileek prestakuntza teorikoa jasoko dute gizartean gertatzen ari diren aldaketak eta tokiko garapenaren garrantzia ulertu dezaten. Horrez gain, hainbat bisita egin eta esperientzia arrakastatsuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, ekintzailetasun soziala bultzatzeko egokiak izan daitezkeen erreminten inguruko formazioa ere jasoko dute. Lehen fase hau apirilera arte luzatuko da. Maiatza eta ekaina bitartean tutoretza fasea osatuko da eta parte hartzaileek tutoreen laguntza izango dute ideiak sortu eta garatzeko. Udazkenean berriz, saretze fasea gauzatuko da. Ikastaroa oso modu dinamikoan antolatu da.

  Otsailaren 1ean hasiko den lehen fasean lan saioak asteko hiru egunetan egingo dira: asteazken, ostegun eta ostiraletan, 9:00etatik 13:00etara. Hurrengo faseetan astean behin eta noizbehinkako saioak egingo dira. KoopFabrikan matrikula doan da, baina plazak mugatuak dira eta ezinbestekoa izango da izena ematea eta hautaketarako elkarrizketa egitea. Informazio gehiagorako edo izena emateko www.koopfabrika.eus web ataria kontsultatu daiteke.

Iturria: Oñati Irratia