Kiroldegiko garbiketa zerbitzua lizitaziora atera du Udalak

2017/02/07
Eskaintzak aurkezteko epea martxoaren 16an bukatuko da

  2015eko urtarrilaren 1ean sinatu zuten CLECE SA enpresak eta Udalak Zubikoa kiroldegiko garbiketa zerbitzuaren kontratua. Hasieran, bi urterako kontratua zen baina beste bi urtez luzatu zitekeena, baldin eta bi aldeak ados bazeuden. Clece enpresako arduradunak ordea, kontratua luzatzeari uko egiten dion idatzia aurkeztu zuen udaletxean. Ondorioz, Zubikoa kiroldegiko garbiketa zerbitzua kontratatzeko oinarriak onartuta lizitaziora lehenbailehen ateratzea erabaki zuen Gobernu Taldeak.

  Lizitaziora atera den kontratuaren balizko kostua kontutan hartuta, deialdia Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar zen eta hala gauzatu zen larunbatean. Argitalpen horrek markatu du eskaintzak aurkezteko epearen hasiera.  40 eguneko epea dago eta martxoaren 16an amaituko da. Enpresek, beren eskaintzak, hiru sobre edo gutunazaletan aurkeztu behar dituzte; lehenean, enpresaren nortasun juridikoa eta kontratatzeko ahalmena egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira, bigarrenean, egingo dituzten lanen azalpen memoria eta hirugarrenean berriz, proposamen ekonomikoa. Azken hau, eskaintza ekonomikoa da gehien baloratuko dena, 100 puntutik 60 eskuratzeko aukera emango baitu, baina memoria teknikoa ere garrantzitsua izango da, erabakigarriak izan daitezken 40 puntu emango ditu eta. Hala, makineria nahiz tresneria aldetik proposatzen diren baliabide teknikoak, zerbitzu koordinazioa bai kiroldegiarekin eta baita zerbitzuko langileekin, kontratuaren ikuskapen eta kontrola, metodologia, kalitatea eta plangintza eta proposatutako hobekuntzak baloratuko ditu Kontratazio Mahaiak. Eskaintzen balorazioan berdinketarik balego, pertsonalean minusbaliatuak izatea, gizarteratze eta laneratzea helburu duen enpresa izatea edota bidezko merkataritzako erakundetzat onartutako enpresa izatea bereziki kontutan hartuko da.

  Kontratuaren lizitazio prezioa mugatu du Udalak eta orduko 18,62 euroko gehienezko prezioa finkatu du. Urtean 7000 orduko zerbitzua ematea aurre ikusten denez, urteko kontratuaren prezioa 130.350 eurotan zehaztu da. Horri, BEZa erantsi beharko zaio. Enpresek gehienezko prezio horren pareko edo merkeagoak diren eskaintzak egin beharko dituzte kontutan hartuak izan daitezen. Udala eta aukeratzen den garbiketa enpresaren arteko zerbitzu kontratua, bi urterako izango da hasieran, beste bi urtez luzatu daitekelarik. Kiroldegiko garbiketa zerbitzuaren inguruko xehetasunak udal bulegoetan edo web atarian eskuratu daitezke. Eskaintzak, udaletxeko bulegoetan presentatu behar dira martxoaren 16ko 14:00ak baino lehen.

Iturria: Oñati Irratia