Kiroldegia eta igerilekua eraberritzeko ia 454.000 euroko diru laguntza emango du Foru Aldundiak

2017/07/06
Proiektuaren erredakzioa urtea amaitu aurretik esleitzeko asmoa dago

  Chocarro y Herranz arkitektura estudioak egindako aurreproiektua aurkeztu zuen udalak aldundiaren diru laguntzetara. Dokumentuak kiroldegia eta igerilekua berritu eta handitzea aurre ikusten du.  2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planeko diru laguntzen baitan, Oñatik 453.920 euro jasoko ditu Diputaziotik. 100.000 € 2019ko aurrekontuen kargura eta gainontzekoa 2020ko aurrekontuen kargura. Donostiatik atzo iritsi zen berria ona dela azaldu du gobernu taldeak, udal langile, zinegotzi eta arkitektoen lanaren emaitza dela azpimarratuaz.

  Chocarro y Herranz arkitektura estudioak osatu zuen aurreproiektuak igerilekua dagoen kiroldegiaren aldearen eraberritzea zehazten du nagusiki. Egungo bi igerilekuak handitzea aurre ikusten du, helduenean hiru kale gehiago egokituz berdegune aldera eta sauna botata, haurren igerilekua ere handituko litzateke. Gainera, eraikinaren alde horretan bigarren solairu bat jasotzea aurre ikusten du, areto eta komun berriak eraikiz. Chocarro y Herranz-en aurreproiektuan ez da kanpoko igerilekurik aurre ikusten. Kiroldegia eta igerilekua eraberritzeko proposamen honek 3 milioi eta erdiko aurrekontua luke.

  Aipatu dokumentua eskutan, herriko kirol azpiegituren inguruko prozesua abiatu zuen udal gobernuak udazkenean eta bertatik eratorritako talde eragilean 14 lagun buru-belarri aritu dira gaia lantzen.  Larunbatean amaituko da hain zuzen, prozesu hau. Talde motorreko kideek 7 saio intentsu egin dituzte. Erakutsitako inplikazioagatik eta egindako ekarpenengatik prozesua oso positiboki baloratu du gobernu taldeak. Kiroldegiko erabiltzaileen parte hartzea ere bizia izan da, apirila eta maiatza bitartean Zubikoan jarri zen erakusketaren baitan ia 600 ekarpen aurkeztu baitziren. Udal gobernuak guztiei eskerrak eman nahi dizkie.

  Behin larunbateko prozesuko emaitzak eskuartean izanda eta beste erakundeetatik jasoko den dirua jakinda datozen urteetako kirol inbertsioen plangintza egingo dutela adierazi du Borja Moiua kiroletako zinegotziak. Asmoa da irailean lanak planifikatzea eta urtea amaitu aurretik proiektuaren erredakzioa esleitzea.

  Maiatzean herritarren asebetetzea neurtzeko egin zen inkestaren emaitzetan nabarmen agertu zen igerilekuan eta kiroldegian inbertsioak egin behar zirela. Galdekatuen %70 ak aipatu zuen premia hori.

Iturria: Oñati Irratia