"Kirol elkarteak eta komunikazio beharrak" izeneko hitzaldi zikloa antolatu da eskualdeko kirol elkarte eta taldeei zuzenduta

2017/11/07
Arrasate, Bergara eta Oñatin hitzaldi bana emango da datozen hiru asteazkenetan

  Kirol elkarte eta taldeen komunikazio alorra hobetzeko helburuz, hiru hitzaldi osagarri antolatu dira, azaroaren 8, 15 eta 22rako. Hitzaldi zikloa  Debagoienako Mankomunitateak, Artemanek eta AZK-k antolatu dituzte eta eskualdeko hiru herri nagusitan osatuko da.

  Lehen hitzaldia, Arrasateko Kulturaten eskainiko da bihar eta kirolean markak lantzearen garrantziaz berba egingo da. Gaiaren lehen azalpen orokorra, AZK-ko Xabi Igoak egingo du eta Eibar KEko kasu konkretua azalduko du ondoren, Gemma Baquék. Azaroaren 15eko saioa Bergarako udaletxeko pleno aretoan izango da eta sare sozialak eta komunikazio estrategia landuko da. Sarrera, Artemaneko Aida Soloresek egingo du eta Super Amara Bera Bera eta Araskiren kasuak azalduko dituzte Jabier Oterminek eta Amaia Castresana eta Livia Lopezek. Azken saioa berriz, mahaingurua izango da. Oñatin, Santa Ana aretoan egingo da azaroaren 22an eta babesletza estrategiak landuko dira. Gonbidatuak, Mondragun Unibertsitatea, Ulma, Ampo eta Laboral Kutxako ordezkariak izango dira. Saio guztiak 18:00tan hasiko dira.

  Parte hartzea irekia da eta doan, baina izena ematea eskatzen da. Izen-emate hori www.debagoiena.eus Mankomunitateko web atariaren bitartez egin behar da eta hitzaldi ziklo osora edo hitzaldi konkretu batera joateko aukera ematen du.

  Debagoieneko udaletako kirol zerbitzuek eskualdeko kirol taldeen eguneroko jarduna arindu eta hobetze aldera informazio eta formazio saio ezberdinak antolatu ohi dituzte. Kirol proben antolakuntzaz, aseguru eta arriskuez berba egin izan da lehenago. Oraingoan, komunikazioa hobetzeko estrategiak landu asmo dira.

Iturria: Oñati Irratia